Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ikastola

iz. Euskaraz irakasten den lehen irakaskuntzako ikastetxea, euskal eskola berezia. || Eskola.  v  Euskararen eta euskarazko irakaskuntzarako lehen saio eta proiektuak askoz aurreragokoak ziren arren, gisa honetako ikastetxeak ez ziren ideologia abertzalea indartu zen arte zabaldu. Bilbon sortu zen 1896. urtean Hego Euskal Herriko lehenengo euskal eskola edo ikastetxea (geroago zabalduko zen ikastola izen berria), Resurrección María de Azkue apaiz euskaltzale handiaren eskutik. Ekimena pribatua zen, erlijioari lotua eta Euskal Herriko hiri handienean gauzatua. Bilboko saio horiek ez zuten halako iraupenik izan: agintariek euskararen aurrean erakutsi zuten ardura ezak areagotu zituen euskaraz irakasteko zailtasunak. 1914. urtean sortu zuen Miguel Muñoak Donostiako Koru’ko Andre Mariaren Ikastetxea eta era horretan abiarazi zuen ikastolen higikundea. Hiri giroan zirauen euskarazko irakaskuntzak, baina oraingoan haur euskaldunak ziren ikastetxe horretara joan ziren haur gehienak. Eusko Ikaskuntzaren Lehenengo Biltzarretik aurrera, 1918. urtetik aurrera, han eta hemen zabaldu zen Euskal Herriko agintari eta notable batzuen artean euskarazko irakaskuntzaren beharra, baina Primo de Riveraren diktadurak (1923-1930) eta politikari espainolisten jarduerak bide gabe utzi zituzten asmo haiek guztiak, ikastola batzuk zabaldu ziren arren (Tolosa, 1921; Errenteria, 1928). Errepublikaren garaian biziki handitu zen ikastola kopurua eta Euskal Eskolaren aldeko lehen saio sendoak etorri ziren Eusko Alderdi Jeltzale (Eusko Ikastola Batza) eta inguru abertzaleetatik. Muñoak abiarazitako moldeari jarraiki, ikastola ugari zabaldu zen han eta hemen Hego Euskal Herrian zehar, Gipuzkoan nagusiki. Jeltzaleek proposaturiko ikastola euskalduna eta kristaua zen eta klase guztietako haurrei zabaldua. Gerra zibilak erabateko etena ekarri zuen berriro eta, ondoren, Francok erabat debekatu zuen euskararen eta euskarazko irakaskuntza. Egoera hartan, isilpeko ekinari jo eta euskarazko irakaskuntzan hasi zen bere etxean egokituriko ikasgela batean Elbira Zipitria irakaslea Donostian. 1943. urtea zen eta egoera hori ez zen luzaroan aldatu. Gisa bereko gelak zabaldu ziren 1950. urtetik aurrerako hamarkadan Donostian bertan eta 1957. urtean Bilbon Julene Berrojalbizen eta beste batzun eskutik. Guztiz urrats garrantzitsuak izan ziren hurrengo hamarkadan: etxe partikularretatik atera ziren ikastolak eta eliza katolikoarengana jo zuten askok babes bila. Gisa honetan lortu zuten ikastolek nolabaiteko ofizialtasuna, elizaren mendeko eskola pribatu gisa alegia, baina etengabe iraun zuten agintari frankisten erasoek. Ikastolen mugimendua indartsu abiatu zen Gipuzkoan eta apalago Bizkaian. Urte haietako ekonomia egoera erosoak ere lagundu zuen proiektu berrien gastuei aurre egiten eta arian-arian ikastola kontuan hartu beharreko irakaskuntza eta hezkuntza aukera bihurtu zen Hego Euskal Herrian. 1970 arte, nagusi izan ziren ikastola gehienetan Elbira Zipitriak Donostian erabili zituen pedagogia moldeak eta erlijio katolikoaren irakaskuntza. 1970. urtetik aurrera autonomia handiagoz hasi ziren jokatzen ikastolak elizaren aurrean, argi eta garbi plazaratu zen ikastola askotan izaera ez konfesionalaren beharra, beste pedagogia molde batzuetarako bidea urratu zen eta berebiziko garrantzia hartu zuten zenbait unetan ideologia mailako arazoek. Bestalde, 1969. urtean sortu zen Baionan Ipar Euskal Herriko lehen ikastola eta urte horretan bertan eratu zen Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea. Euskarazko irakaskuntzak izugarrizko oztopoak izan ditu aspaldidanik Ipar Euskal Herrian, frantses agintariek etengabe erabili dituzten irizpide zentralistengatik. Nolanahi ere, lehena sortu zenetik geldigabeko hazkundea izan dute Ipar Euskal Herriko ikastolek. Mila ikasletik gora ditu Seaskak gaurko egunean eta, Frantziako irakaskuntza agintariekiko harremanak guztiz zailak diren arren beti, bere lekua irabazi du euskararen eta euskarazko irakaskuntzak Ipar Euskal Herrian Seaskari esker.