Ibsen, Henrik
Norvegiar eleberrigile eta antzerkigilea, drama errealista modernoaren sortzailea (Skien, 1828 - Christiania, 1906). 1830ean ondasun guztiak galdu zituen merkatari baten semea zen eta haurtzaroa eta gaztaroa gogorrak izan zituen. Egoera horretatik ihes egiteko, Ibsen era askotako liburuak irakurtzen hasi zen. Hala ere, bere haurtzaroko hiriak eta ahaideak hartu zituen oinarri anitz obratako giroa eta pertsonaiak taxutzerakoan. Botika batean hasi zen lanean hamabost urte zituela, eta 1848an, Europako iraultza giroan murgilduta, lehen satirak idazten hasi zen hiriko burgesen aurka. 1850ean idatzi zuen, ezizenez, Catilina bere lehen drama, eta urte horretan bertan jo zuen Christianiara (egungo Oslora) bertako antzerki eskolan ikasteko. Urte berean, Andhrimner izeneko egunkari satirikoan hasi zen idazten, eta beste drama bat prestatu zuen, orduan, arrakastarik izan ez bazuen ere: Kjaempehøjen (Hilobia). 1851tik aurrera Norvegiako antzerki giroan sartu zen osorik, eta antzezle nahiz zuzendari lan batzuez gainera, ikas-bidaia batzuk egin zituen Danimarkan eta Alemanian barrena. 1856an aurkeztu zuen ospe handiko lehen komedia:Gildet paa Solhoug (Solhoug-eko jaia), eta Olaf Liljekrans izeneko lana 1857an. Hurrengo obrak (1858, Haermaendene paa Helgeland, Helgelandeko bikingoak; 1862, Kjaerlighedens komedie, Amodiozko komedia, eta 1863, Kongsemnerne, Erregenahiak) aurrekoak baino hobeak ziren. 1864an Norvegia uztea erabaki zuen, estatuak eman zion diru-laguntza batez baliatuta. Norvegiatik kanpo bizi izan zen hurrengo hogeita zazpi urtean, Erroman, Dresdenen eta Munichen, batez ere. Italian idatzi zituen hurrengo bi dramek (1866, Brand, eta 1867, Peer Gynt) Eskandinaviaren gainbeherak sortutako etsipenezko giroa aurkezten dute bete-betean. Ibsenen obra kutuna izan zen Peer Gynt. Kejser og Galilaeer (1873, Zesar eta Galilearra, Erroman idatzia) polemikaz beteriko obraren ondoren, Munich-en bizi izan zen eta gizarteko egunoroko arazoez kezka azaldu zuen bere lanetan, Alemaniako giro erradikalagoaren ildotik. Kapitalismo berriaren zuzentasun eza salatu zuen Samfundets støtter (1877, Gizartearen oinarriak) obran; emakumeen egoera azaldu zuen Et dukkehjem (1879, Panpinen etxea) draman, istilu bizia sorrarazita; ohiturak sortutako etsipena gogor kritikatu zuen Gengangere (1881, Mamuak) draman (Europan urte haietan sortu ziren Antzerki Libreen mugimendu berriekin lotu ohi dute obra oihartzun handiko hori), eta zapalkuntzaren aurkako pertsonaia aurkeztu zuen En folkefiende (1882, Herriaren etsaia) draman. “Arazoak aurkeztea dagokit niri, ez irtenbideak ematea”, zioen Ibsenek, eta bide horretan jarraitu zuen, azken urteetako obretan, gizarte mailako gatazkak azalduz, gizabanakoaren barne-arazoek eta biziaren aurreko ikuspegi ezkorrak leku berezia hartu zuten arren: Vildanden (1884, Basa Ahatea), Rosmersholm (1886), Hedda Gabler (1890), Bygmester Solness (1892, Solness etxegilea), Lille Eyolf (1894, Eyolf txikia), John Gabriel Borkman (1896). Apoplegiaz hil zen Norvegian. Ibsen izan zen, zalantzarik gabe, drama modernoaren sortzailea, garaian garaiko moralitatea astintzea helburutzat hartu duen drama moldearen aitzindaria. Gutxik bezala menderatu zituen antzerki teknikak, gutxik bezala aurkeztu zuen pertsonaien psikologia, eta, sinbolismo joko aberatsen bidez, maisutasun handiz murgilarazi zuen antzerki ikuslegoa giza errealitatea eta ilusioak nahasten diren ur ilun sakonetan.