Ibarrola Goicoechea, Agustín
Bizkaiko margolaria eta eskultorea (Basauri, 1930). Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen lehen arte ikasketak eta hamazazpi urte zituela aurkeztu zuen bere lehen erakusketa Bilbon. Madrilera jo zuen ondoren eta Vázquez Díazen lantegian izan zen ikasle. Pintore haren eskutik abiatu zen post-kubismoaren estetika munduan, Aurelio Artetaren ildotik. Bilbora itzuli zen 1950. urtean eta Oteizarekin izan zen harremanetan ondoko urteetan. Parisera jo zuen 1955ean eta hiri hartan “Equipo 57” izeneko taldea osatu zuen 1957an, Espainiako margolari batzuekin. “Equipo 57” taldearen garaian, konstruktibismoaren inguruko esperimentazio lanetan murgildu zen eta arrazionalismoari loturiko moldeak hasi zen erakusten. 1959. urtean grabatugintzan hasi zen José Ortega “Estampa Popular” espainiar taldeko aitzindariaren eskutik, eta salaketa politikoa eta soziala sustraitik jaso zituen arte espresionista baten bideetan abiatu zen. Guztiz ospetsu bihurtu zuten Ibarrola Euskal Herriko langileen egunoroko bizimoduari buruz taxuturiko grabatu eta koadro kolore hil eta era berean biziek. Horrenbestean sortu zuen “Estampa Popular de Vizcaya” deituriko taldea. 1962. urtean aurkeztu zuen bere obra Donostian (Bilbon ez zioten horretarako baimenik eman) eta urte berean hartu zuten preso bere ideia komunistengatik. Kartzelatik irten eta lanean jarraitu zuen lehengo berean Euskal Herrian eta kanpoan. Urte haietan sendotu zen Ibarrolaren eta Gabriel Arestiren arteko harremana (Ibarrolak Arestiren liburuetarako irudiak egin zituen). Berriro ere egon zen kartzelan Ibarrola 1968an eta izugarri ugaldu zen handik aurrera haren ekimena: erakusketak herrietan, hitzaldiak, agiriak,… Oteizarekin egon zen berriz ere harremanetan urte haietan, Debako arte eskolaren inguruan. Veneziako Bienalean hartu zuen parte 1976. urtean eta erakusketa handi bat egin zuen Bilbon 1978an. 1980an pintura eta grabatua erabat utzi gabe eskulturaren munduan barneratu eta guztiz zabaldu zen Ibarrolaren arte ingurua. Burdinbideko errailekin esperimentatu ondoren, 1983an zuzeneko pintura saioak egiten hasi zen hainbat basotako zuhaitzetan, eta azken urteotan horretan jardun du, Ermuko Foroko kide bezala, ETAren biolentziaren aurkako militantzia nabarmenarekin tartekatuz lan hori. Betikoa zuen Ibarrolaren lan artistikoak inguru natural eta sozialarekin harreman estua, baina azken urteotan sakondu egin da harreman hori, eta horren isla zuzenena Kortezubiko (Bizkaia) Oma basoan, bizileku duen baserritik hurbil, 1983-1991 bitartean osatu zuen Basoa da. Baso horretako pinuen enbor margotuak dira bere obra ezagunena, baina beste leku batzuetan ere egin izan ditu antzeko gauzak. 1999ko San Juan egunez, esaterako, Allariz herriko (Ourense) O Rexo zuhaiztian Baso Animatua inauguratu zuen, egilearen hitzetan bere biziko lanik garrantzitsuena. 300 tona granito eta 200 tona arbel erabilita, inguru naturalarekin bat egiten duten 78 artelan kokatu zituen baso honetan, eguzkiak egunero egin ohi duen ibilbideari jarraituz eta elementu guztiak "ekoinguru" bakar bat sortzeko moduan integratuz. Urte berean, 1999an, azken hamarkadako lanak biltzen zituen erakusketa egin zuen Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan. Arte y Naturaleza erakusketa aire zabalean espazioaren eta bolumenaren arteko harremanei buruz egin duen lanaren luzapena izan zen. Hirurogei pieza bildu zituen erakusketa hartan: zurezko eta kartoizko objektuak, naturak harrian sortzen dituen zuloen irudi egunkari paperez eginak… 2000. urteko udaberrian, kalte larriak jasan zituen Omako basoak hainbat erasoaldi bortitzen ondorioz, eta Euskal Herriko Unibertsitateak hartu zuen bere gain basoa birgaitzea. 2000. urteko abuztuan, bestalde, León Felipe saria eman zion izen bereko fundazioak kulturaren eta gizartearen alde eginiko lanagatik. Erakusketei dagokienez, 2000. urteko udazkenean aurreko hamar urteetan egindako ia ehun obra ikusi gabe biltzen zituen erakusketa egin zuen Kantabriako Santillana del Mar herrian. Lan eta erakusketa hauez gain, neurri handiko eskulturak lantzen jarraitu du eta, besteak beste, Llanesen (Asturias), A Coruñan, Telden (Kanariak) eta Leganesen (Madril) ipintzeko eskulturak sortu ditu. Gasteizen kokatzekoa den ETAren biktimen omenezko monumentu bat ere agindu diote Ibarrolari.