Hussein IIa
Jordaniako erregea (Amman, 1935 - Amman, 1999). Talal bere aita gaixotu zenean egin zuten errege (1952). Faisal II.a Irakeko erregearekin batera Arabiar Batasuna sortu zuen (1958) Errepublika Arabiar Batuari aurre egitearren, baina Faisal hil zutenean desegin egin zuen erakundea. Sei eguneko gerran Zisjordania galdu zuen (1967), eta Zisjordaniatik Jordaniara etorri ziren milaka palestinarrak gogor zapaldu zituen (1970eko iraila). 1977an PAE erakundearekin harremanetan hasi zen eta bakeak egin zituen palestinarrekin. Golkoko gerran Iraken alde egin zuen, gerran parte hartu gabe. 1993an Israelen eta PAEren artean bake akordioa izenpetu ondoren, Husseinek, palestinar errefuxiatu gehien zituen arabiar nazioaren buru gisa, eskualdeko hitzarmenak egiterakoan Jordaniak esku hartu behar zuela defenditu zuen. 1993ko azaroan, 1956. urteaz geroztik egiten ziren lehendabiziko hauteskunde demokratikoak izan zituzten jordaniarrek eta Jordaniaren eta Israelen arteko bakeak egiteko erregeak proposatutako estrategia atera zen aurrera. 1994an izenpetu zen azkenean bakea. 1997an israeldarren eta palestinarren arteko bitartekaritza egin zuen eta Israelgo Lehen Ministroak, Benjamin Netanjahu eskuindarrak eta Palestinako Nazioko Agintaritzaren presidenteak, Yasser Arafatek, Zisjordaniari eta Hebroni buruzko hitzarmenei ekin ziezaien lortu zuen. 1995ean Asturias Printzea saria jaso zuen. 1965etik bere anaia Hasanek zuen oinordeko titulua, baina 1999ko urtarrilean sei hilabetez Estatu Batuetan minbiziaren aurkako tratamendua jaso ondoren Jordaniara itzuli zenean, bere seme Abdala izendatu zuen oinordeko. Hori egin eta hilabete baino lehen hil zen Hussein.