Hussein Bin Onn, Datuk
Malaysiar politikaria (Johore Bharu, Malaysia, 1922 - Daly City, Kalifornia, 1990). Nekazari familia aberats bateko semea zen, eta zuzenbide eta ekonomiako ikasketak egin zituen Londreseko Unibertsitatean. Bigarren Mundu Gerraren hasieran britainiar armadan sartu zenean, Pazifikoko fronteetan borrokatu zen japoniarren aurka eta Malaysiaren askatasunaren alde. Gerra ostean, Malaysiako politikan eragin handia izan zuen, bere herriaren independentzia bultzatzen lagundu baitzuen. 1947an Gazteriaren Elkarte Nazionala sortu zuen, eta Malaysiar Batasuneko Erakunde Nazionaleko idazkari nagusi aukeratu zuten. 1948-1957 bitartean estatuko kontseiluko kide izan zen, eta 1960-1968 epean, bere herriko enbaxadore Londresen. Ondoren, Malaysiara itzuli zenean, Hezkuntzako ministro izan zen (1970), eta 1974an Ekonomia eta Finantzatakoa eta Gobernuko presidenteorde. Bi urte geroago, Lehen Ministro kargura igo zen, eta Defentsako ministro ere izan zen aldi berean. 1977an, islamiar gobernu autonomikoaren esku zegoen eta gerrillari komunistek beren mende zuten Kelantan lurraldearen sezesioaren arazoari aurre egin behar izan zion. Horretarako, Thailandiarekin itun militar bat sinatu zuen. 1978an bere alderdiak, Fronte Nazionalak, hauteskundeak irabazi zituenean, bere karguan berretsi zuten. 1981ean utzi behar izan zuen, ordea, bihotzekoak eman ondoren bere osasun egoera kaskarra zela-eta.
- Hurwicz, Leonid
- Hus, Jan
- Husák, Gustav
- husgune amniotiko
- huskeria
- Hussein Bin Onn, Datuk
- Hussein IIa
- Hussein, Sadam
- Husserl, Edmund
- hustar
- hustasun