Hoyos, Cristina
Espainiar dantzaria eta koreografoa (Sevilla, 1946). 1964an egin zuen debuta, New Yorkeko Munduko Ferian, Espainiaren pabiloian, eta lau urte geroago Antonio Gadesen ballet konpainian hasi zen lanean. 1989an bere konpainia sortu zuen. Konpainia horrentzat egin dituen koreografien artean aipagarriak dira Sueños flamencos (1990, Amets flamenkoak) eta Caminos andaluces (1994, Andaluziako bideak), besteak beste. Zineman, antzezle gisa, Carlos Sauraren gidaritzapean lan egin du, Bodas de sangre (1981, Odol ezteiak), Carmen (1983) eta El amor brujo (1986, Amodio sorgina) filmetan. 1991n Dantzako Sari Nazionala jaso zuen, eta 1992an Bartzelonako Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian parte hartu zuen.