Hong Kong
(Txin. Xianggang). Britainia Handiaren kolonia, Kwangtung probintziaren itsasaldeko hegoaldean, Txinan. Lau parte ditu: Hong Kong uhartea, Kowloon penintsularen hegoaldea, Stonecutters uhartea, eta Lurralde Berriak (1898. urtean 99 urtez errentan utzitako kontinenteko zati bat eta 230 uharte). Koloniak, guztira, 1.037 km2 ditu, gehienak Lur Berriei dagozkienak; 5.456 biztanle km2 bakoitzeko. Mugak: Txina iparraldean, eta Txinako itsasoa hegoaldean. Hiriburua: Victoria, Hong Kong uhartean. 5.707.100 biztanle (1989). Hizkuntza ofizialak: txinera eta ingelesa. Dirua: Hong Kong-eko dolarra. v Geografia eta klima. Txinako hego-ekialdeko granito-haitz multzo handiek eratzen dute Hong Kong-eko eremu menditsua (Tai Mon Shan, 957 m), ez dago ibai handirik, eta lurra ez da oso emankorra. Klima subtropikokoa da, uda heze beroak eta negu hotz lehorrak dituena. Eurite sasoia uztail-urrietan izaten da. Mangle zuhaitza, pinuak, eta paduretako belar landareak dira nagusi. Animalia haragijaleak ia desagertu dira. v Biztanleak. Hong Kong-eko biztanle gehienak (% 97) txinatarrak dira, eta zuriak (Britainia Handia, AEB) eta Asiako beste herri batzuetakoak (Japon, India..) gainerakoak. Erlijio nagusiak budismoa eta taoismoa dira. Lehen mailako ikasketak nahitaezkoak dira. Km2-ko biztanle kopurua hain handia izanda, etxebizitza egokia lortzea arazo larria izaten da Hong Kong-en; milaka pertsona bizi dira etxoletan. Osasun egoera eta mediku zerbitzuak onak dira, oro har. Ez dago gizarte laguntzarik. Britainia Handiko erreginak izendatzen du gobernadorea, gudarostearen burua ere badena. v Ekonomia. Munduko portu aske handienetakoa izateak eta 1950. urtetik aurrerako industrializazio lasterrak koloniako ekonomia munduko aurreratuenen artean jarri du; hala ere, bizitzarako oinarrizko gaiak (lehengaiak, janariak, erregaiak) inportatu egin behar izaten ditu. Industria nagusien artean aipatzekoak dira ehungintza, ontziolak, piezen lantegiak, jostailuak eta erlojuak. Turismoak eta finantza zerbitzuek oso kontuan hartzeko diru sarrerak sortzen dituzte. v Historia. Britainiarrek lurraldea kolonizatu aurretik herri arrantzale txiki bat zen Hong Kong. Opioaren gerraren ondoren (1839-1842) Txinak Britainia Handiari utzi zion Hong Kong uhartea (Nankin-go hitzarmena), eta 1860 eta 1898. urteetan gainerako lurraldeak. Bigarren Mundu Gerraren japoniarren mendean egon zen, 1941eko abendutik 1945eko abuztuaren 30a bitartean. Koreako gerra zela eta Txina eta Ipar Korearekiko merkataritza galarazi zuten Nazio Batuek, eta horrek oso ondorio larriak izan zituen bertako ekonomian, eta handik aurrera industria indartu zen. Pekin-en hartu zen erabakiaren arabera (1984ko abenduaren 19a) 1997ko uztailaren lehen egunean Txinak berreskuratuko du lurraren jabegoa, eta bertako gizarte eta ekonomia sistema bereziak begiratu beharko ditu.