Homero
(Gr. Homeros). Greziar poeta epikoa. Joniarra bide zen eta, agi denez, Esmirna hirian jaio, Kios uhartean bizi eta Ios-en hil zen. Herodotok dioenez K.a. 850. urte inguruan bizi izan zen. Iliada eta Odisea bi obra nagusi horien egilea da, eta Grezia klasikoan eredutzat zeukaten Hesiodorekin batera. Ospe handia izan zuen antzinate osoan; K.a. VII. mendean haren epopeiak guztiz ezagunak ziren greziarren artean, eta helenismoaren azkenera arte leku handia izan zuten heziketaren alorrean. K.a. VIII. mendean Hesiodo eta beste zenbait poeta haren hizkuntzaz eta teknikaz baliatu ziren. Pisistrato-ren eta haren seme Hiparko-ren agintaldian (K.a. VI. mendea), ezagunak ziren poemen testua finkatu zen. Gero, K.a. II. mendean, Bizantzioko jakintsuek edizio kritikoa paratu zuten, ustezko interpolazioak alboratuz eta poema epiko biak 24 bana kantutan antolatuz. Pergamo hiriko eskolak, alabaina, bizantziarrentzat interpolazioak zirenak berriro testuan sartu eta, mendebalera iritsia den bertsioa moldatu zuen. Florentzian inprimatu zen lehen aldiz (1488). Homeroren nortasuna edo izatea bera zalantzan jarri duenik ere izan da (Aubignac, Vico, Wolf), baina gaur egun arazoa besterik da: literatura unibertsalean funtsezkoak diren bi obra horien egilea bera ote den jartzen da zalantzan, obra horietan ageri diren moldaketak eta aldaketak begi bistakoak baitira. v Homeroren testuen zabalkundea handia izan zen Antzinaroan bezala, Aro Modernoan ere. Poemagintza latinoaren sorreran eragin nabarmena izan zuen, batez ere Virgiliorengan. Baina azken honekiko lilurak itzali zuen Homeroren ospea Erdi Aroan eta Errenazimentuan. Ordea, erromantizismo ingelesak eta Alemaniako erromantizismoak berriro azaldu zituzten Iliada-ren eta Odisea-ren balioak. Bertako gaiak, pertsonaiak eta formak sinbolo bihurtu ziren handik hara. Greziar ispiritualitatearen interpretazioa da Homeroren lana, eta gizonaren psikologiaren ezagutzaren hasiera markatzen du. v Salbador Barandiaranek itzuli zuen euskarara Iliada (Iliasena).