holografia
iz. Opt. Argi uhinak argazki xafla lau baten gainean grabaturik objektu baten hiru dimentsioko irudia lortzeko metodoa. Holografiaren hastapena D. Gabor-ek finkatu zuen 1947an, baina laser izpia asmatu zen arte ezin izan zen praktikara eraman (1963). Holograma lortzeko, laser izpi bat bidaltzen zaio gauzakiari, bi zatitan banatua: erreferentziazko argi sorta zuzenean grabatzen da argazkian, eta bestea, berriz, objektuak islatu ondoren. Argazkian bi sorten arteko interferentzia tarteak jasotzen dira, bi uhin sortak fasean iristen diren tarteak, alegia. Holograma horri lehen erabili denaren maiztasun bereko laser izpi bat zuzentzen bazaio, objektuaren hiru dimentsioko irudia eratzen da, edozein aldetatik erliebean ikusi eta argazkia atera dakiokeena, alegia. Gaur egun ikerketak egiten ari dira argi arruntez proiektatzeko moduren bat asmatzeko, baina eragozpen handiak daude, luzera desberdineko uhinez osaturiko argiak ez baitu irudi bakar eta zehatzik ematen. Objektuen higiduren eta deformazioen neurketa doia egiteko erabiltzen da gehienbat holografia.