Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hitita

(Hatti, Biblian eta testu kuneiformeetan). iz. eta izlag. K.a. 2000. urte inguruan Anatolian bizi izan zen herri indoeuroparreko kidea. Gudari handiki arrotzak Anatolia erdialdeko biztanleekin (protohitita) nahastean sorturiko zibilizazioa da hititena. Hiriburua Hattusas-en (gaur egungo Turkiako Bogazkoy-n) ezarri zuten K.a. XVII. mendean. Mursil I.a izan zen lehen inperio hititaren buruzagietan indartsuena: Alepo-z (Siriako iparraldea) jabetu zen eta Babilonia sakailatu zuen (K.a. 1530). Gaizki ezagutzen den anarkia aldi ilun baten ondoren, hititen inperio berria sortu zen. Subiluliuma-k bildu zuen (K.a. 1382-1341) hititen mendeko lurralderik zabalena; hititek Mitanni inperioa beretu zuten, eta horrenbestez Itsaso Beltza, Orontes ibaia eta Eufrates arroaren erdialdea ziren hititen inperioaren muga berriak. Orobat, Siriako erresumen jabegoa kendu zieten faraoiei. Ramses II.a Muwatalli erregeari nagusitu bide zitzaion Qadesh-eko guduan (K.a. 1290. urte inguruan), baina azkenean Siriako lurraldeak bien artean banatu behar izan zituzten (K.a. 1271. urtea). Iparraldeko gasga eta akhijaw leinuen jazarpen etengabeek eta asiriarren erasoek, 1230ean Mitanni menderatu baitzuten, ahuldu egin zuten hititen inperioa, eta K.a. XIII. mende amaieran itsasoko herriek azkena eman bide zioten. Sirian zenbait printzerri hititek iraun zuten, harik eta Sargon II.a asiriar enperadoreak VIII. mende amaieran suntsitu zituen arte. v Zibilizazioa. Hititen gizarte egitura feudala guztiz indoeuroparra zen. Erregeak epaile eta apaiz nagusiaren eginkizunak betetzen zituen. Gizarte mailen arteko harremanak lege-kode batek arautzen zituen. Nekazaritza zen ekonomiaren oinarria, baina hititen aberastasuna meagintzatik zetorren: burdina, kobrea, beruna, zilarra. Oso trebeak ziren burdina lantzen. Jauregiak behe-erliebez hornituak ziren, eta eskultura ere aintzat hartzekoa da (Hadad jainkoaren irudiak). Erlijioari dagokionez, joera sinkretikoa nagusi zen: Sumeriako, Babiloniako eta hurriten jainko anitz beretu zituzten. Ekaitzarena zen jainko nagusi; eguzkia, ilargia eta meteoroak ere gurtzen zituzten. Hititen hizkuntzaren lehen aztarnak Bogazkoy-n aurkitu ziren, 1917an, ikur kuneiformeez idatzitako taulatxo batzuetan.