Hitchcock, Alfred
Britainiar zinemagilea (Londres, 1899 - Bel-Air, Estatu Batuak, 1980). Ingeniaritza eta Arte Ederrak ikasi zituen, eta publizitate enpresa batean hasi zen lanean. Zinema zaletasunak bultzatuta,1920an Famous Players ekoizleen enpresan sartu zen marrazkilari eta dekoratzaile lanetarako; gero, gidoiak ere egin zituen eta zuzendari laguntzaile izan zen. 1925ean egin zuen bere lehen film luzea: The pleasure garden, eta haren ondoren beste zortzi film mutu egin zituen: The lodger (1926), The ring (1927), etab. Irudi segidak elkar lotzeko eta antolatzeko dohai berezia erakutsi zuen, baina 1930. ondoko urteetan Ingalaterran egin zituen 15 film ahostunekin iritsi zuen arrakasta Hitchcock-ek: Murder (1930), Number seventeen (1932), The man who knew too much (1934, Gehiegi zekien gizona), The thirty-nine steps (1935, Hogeita hemeretzi maila), The secret agent (1936), Saboteur (1936), The lady vanishes (1938). Lan horiek guztiek batasun bat dute; polizia historiak eta, zuzenbidearen kontra, akusatutako errugabearen gorabeherak gaitzat hartuta egin zituen bigarren aro honetako filmak, eta Estatu Batuetan gero egin zituen maisu lanen oinarri izan ziren. Bigarren Mundu Gerratik ihesi joan zen Estatu Batuetara, eta David O. Selznick ekoizleak kontratatu zuen; harentzako egin zuen 1940an, Rebecca, film hoberenaren oskarra irabazi zuena. Beste ekoizle batzuentzat egin zituen filmen artean, aipatzekoak dira: Suspicion (1941), Shadow of a doubt (1943, Zalantza baten itzala), Lifeboat (1943), Notorius (1946), Rope (1948, Soka); maisu lanak guztiak, eta agertoki txikietan eta baliabide murritzekin egindakoak direlako are miresgarriagoak. 1950-1960 bitarteko urteetan gailurra jo zuen film sorta ezin hobeekin eta orijinalekin; Ingalaterran egin zituen lehen film haietan bezala, bidegabekeriaz, gaizkiletzat hartu den errugabe esetsia behin eta berriro agertu zen haren filmetan: I confess (1952, Aitortzen dut), The Wrong Man (1957), North by Northwest (1959), Strangers on a Train (1951), Vertigo (1958) bere filmik hoberena seguruenetik, Dial M for murder (1954), Rear Window (1954), To catch a thief (1955), The man who knew too much (1955, Gehiegi zekien gizona). Beste bi film gogoangarri egin zituen 1960 ondoko lehen urteetan, Robert Burks argazki zuzendariarekin eta Bernard Hermann musikagilearekin elkar lanean, betiere: Psycho (1960) eta izu-filmetan iraultzailetzat hartu den The Birds (1963, Txoriak). Handik aurrera, eta porrotaren bat gorabehera (Marnie, 1964), Hitchcock-en zinemagintzak ez zion aurreko filmen maila onari eutsi, nahiz eta beti bere maisutza agerian utzi: Torn Curtain (1966), Topaz (1969), Frenzy (1972) eta Family Plot (1976).