Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hiroshima

Japoniako hiria, prefeturako hiriburua, Honshu uharteko hego-mendebalean, Japoniako barne itsasoaren ertzean. 1.044.000 biztanle. 1594an eraikitako hiribildu eta gotorlekua. XIX. mendean garrantzi handiko base militarra izan zen, bai Txinaren aurkako gerran (1894-1895), bai Errusiaren aurkakoan (1904-1905). Harrezkero Japoniako portu eta merkataritzagune nagusietakoa izan zen. 1945eko abuztuaren 6an AEBetako hegazkin batek lehen atomo bonba bota zuen hiriaren gainean. Ondorioak latzak izan ziren: hiriaren % 90 suntsiturik eta 130.000 pertsona inguru hilik. Gerraren ondoren, Tange Kenzo-ren zuzendaritzapean eraiki zen berriro, eredu berrien arabera. Parte bat, hala ere, Bake Hiria bonba atomikoa lehertu ondoren geratu zen bezala gorde da, hondamenaren oroigarri. Gaur egun, berriro arrantza portu eta industriagune nagusia da: automobilak, ontzigintza, etab.