Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hirohito

Japoniako 124. enperadorea (Tokio, 1901 - Tokio, 1989). Enperadoreorde izan zen 1921etik, eta enperadore 1926tik aurrera, Taisho bere aita hil ondoren. Hirohito enperadorearen aginpidearen hasierari Showa (“armonia distiratsuaren aroa”) izena jarri zioten. Japoniak politika inperialista eta hedatze aldekoa erabili zuen: Mantxukuo izeneko mendeko estatua sortzea (1932ko martxoa); Txinaren aurkako erasoa (Shanghaiko gudua, 1932ko otsaila); Ingalaterra eta Herbehereen aurkako gerra hastea (1941); Pearl Harbor-eko Estatu Batuen armadaren aurkako erasoa (1941eko abendua). Potsdam-eko kapitulazioa sinatu behar izan zuen, Estatu Batuek atomo bonben bidez Hiroshima eta Nagasaki suntsitu ondoren (1945). Enperadoretzaren jainkozko ezaugarriei uko egitera behartu zuten, eta monarkia konstituzionala ezarri zen Japonian. Hirohito hil ondoren, Akihito bere semea jarraitu zaio karguan.