Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hipokrates

(Gr. Hippokrate). Greziar medikua, Medikuntzaren aita titulua merezi izan duena (Kos, K.a. 460 - Larisa, Tesalia, 377 inguruan). Asklepios jainkoaren ondorengo omen ziren Asklepiadeen mediku-leinukoa zen. Demokrito eta Gorgiasekin ikasi ondoren, Grezia, Egipto eta Asian zehar bidaiari ibili zen eta gero Kos-en hartu zuen egoitza. Bere garaiko medikuntza ongi ezagutzen zuen. Eritasunaren eta sendagintzaren erlijiozko ikuspegia alde batera utzi zuen. Izadiak berak dituen sendabideei bere lana egiten uztearen aldekoa zen eta tratamendu sinpleak zituen gogoko. Kirurgia zen greziar medikuntzaren atal aurreratuenetarikoa, eta hartan ere saiatu zen. Hipokratesen fisiologiak lau humoreen teoria (odola, linfa, behazun horia eta behazun beltza) du oinarri: humoreen arteko oreka edo proportzio egokiak (eukrasis) osasuna dakar; desorekak (diskrasis), berriz, eritasuna. Corpus Hyppocraticum izeneko idazki multzo handian bilduriko guztiak berarenak ez badira ere, eskola berekoak dira dudarik gabe. Haietariko ezagunenak: Aire, ur eta lekuen tratatua; Aforismoak; Pronostikoaren tratatua; Hausteen tratatua. Medikugai zirenek egin beharreko zina (Hipokratesen zina) ere berak idatzia da. Hipokratesek erabateko eragina izan zuen Antzinateko medikuntzan eta gerora ere, Galenoren bitartez, erdi Aroko medikuntzaraino iritsi zen haren itzala. v Hipokratesen zina. Sendagileeen etika arautegia, Hipokratesek eman zuena. Sendagileen jarduera arautu zuen mende askotan; gaur egun medikuntza ikasleei titulua emateko ospakizunetan erabiltzen den formula da. Corpus Hippocraticum lanean azaltzen da arautegi hori, medikuntzari buruzko ikerketa eta berriekin batera.