hipnotiko
iz. eta izond. Med. Pertsona batengan hipnosia eragin dezakeen botika. Botika baten hipnosi gaitasuna handia edo txikia izango da, nerbio sistema zentraleko leku zehatz batzuetan sortzen duen depresio eraren arabera. Hipnosi eragina ager dadin, depresioak, botika lasaigarri batek sortzen duena baino handiagoa izan behar du, baina anestesiko orokor batek sortzen duena baino txikiagoa. Nolanahi ere, botika beraren dosi desberdinak erabiliz, aurreko hiru egoerak lor daitezke. Hipnotikoen barruan hainbat gai sartzen dira: alkoholak (kloretona, dermosan), zetonak (azetofenona), sulfonak (sulfonal), aldehidoak eta eratorriak (kloral, paraldehido), amidak (neuronal), uretanoak (etiluretano), ureidoak (bromural), barbiturikoak (beronal, nenbutal, sekonal, medomina) eta abar. Nerbioak eragindako loerrearen terapeutikan erabiltzen dira, batez ere. Ez dute hain eragin handirik loerrea minak, eztulak, arnasa ezin hartuak eta abarrek sortua denean. Anestesia osoaren laguntzaile gisa ere erabiltzen dira.