hilemorfismo
iz. Fil. Aristotelesek asmatutako teoria, gorputz guztiak elkarren osagai diren bi hastapenen, materiaren (Gr. hyle) eta formaren (Gr. morphe), ondorio direla dioena. Aristotelesek substantziaren aldaketa izan zuen teoriaren oinarri. Aldaketa prozesu horretan gai guztietan izaten da aldatzen den zerbait, eta tinko geratzen dena beste zerbait. Aldaketatik sortu den gai berria ez da dagoeneko “izate” “bilakatu” baizik, hau da, ahalezko izaera du, eta ez aktuala dena. Ahalezko hastapena materia da, eta hastapen aktuala, forma. Hilomorfismoaren aurkako joerak dira atomismoa, mekanizismoa, dinamismoa eta gorputzen osaketa metafisikoa onartzen ez duten filosofia eskolak, edo osagai fisikoak (indarra, energia…) besterik onartzen ez dituztenak. Teologiak ere erabili ditu hilomorfismoaren ideiak, gorputzaren eta arimaren arteko harremanak azaltzeko, adibidez.