Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

higidura

iz. Higitzea, gauza baten egongune aldaketa.
 v  Fis. Beste gorputz edo erreferentzia sistema bati buruz gorputz baten egongune aldaketa. v Higidura fisikan eta filosofian. Antzinatik kezkatu izan dira bai fisika eta bai filosofia higiduraz, eta askotan gertatu izan da baita ere higidurari buruz esandakoetan filosofiaren eta fisikaren arteko muga ezin bereiztea. Filosofian, zentzu zabal batean, higidura izaki batek izan dezakeen aldaketa oro da. Zentzu horretan bilakaera kontzeptua gehiago erabiltzen da eta higidura berriz, fisikan erabiltzen den kontzeptuaren parekoa da, hau da, espazioan gertatzen den aldaketa oro. Platonek bi higidura mota bereizi zituen: aldakuntza eta translazioa; Aristotelesek, berriz, lau, aipaturiko biez gainera, erabateko higidura eta kopuruzkoa. v Fis. Indarraren eta higiduraren arteko erlazioa Newton-en hiru legeetan formulatzen da. Erabateko higidura edo higidura absolutua gorputz batek erreferentzia puntu geldi edo gorputz geldi bati buruz duena da. Higidura erlatiboa berriz, gorputz batek erreferentziatzat hartzen den beste gorputz edo gorputz sistema higikor bati buruz duena da. Mekanika klasikoak erabiltzen zuen kontzeptua bazterturik, Einsteinek bi erreferentzia sistemen arteko higidura erlatiboa proposatu zuen; nolanahi ere, erreferentzia batekiko erlatiboa da beti higidura. Gorputzen higidurak aztertzen dituen fisikaren alorrari dinamika deritza. ik. dinamika, erlatibitate. v Brown-en higidura. Partikulek koloide disoluzio batean duten noranahiko higidura; partikulak alderrai dabiltza disoluzioko molekulek bultzatuta. v Azelerazio finkoko higidura. Azelerazioa beti bera duena, aldatzen ez zaiona. Azelerazioa positiboa edo negatiboa den, lastertasuna handitzen edo gutxitzen den kontuan hartuta, higidura edo era berean azeleratua da edo era berean geldiagotua. Hala, sorburutik eo distantzia batera dagoen higikariarentzat, abiadura lastertasuna vo, eta azelerazioa ±a beti berdina duenarentzat, ondoko hau da higikariak ibilbidean zehar duen lastertasuna eta haren azelarazioa erlazionatzen dituen ekuazioa: v = vo± at. Hortaz, higikariak t denbora batean ibiltzen duen e espazioaren balioa honela adierazten da: eo = vot ± 1/2 at2; hori da, hain zuzen, higidura era berean azeleratuaren –edo azelerazio finkoko higiduraren– ekuazio orokorra. v Dardarazko higidura. Aldian behin oreka puntuaren alde batera edo bestera dabilen higikariarena, adibidez, penduluarena eta malgukiarena. v Higidura azeleratua. Fis. Lastertasuna etengabe handitzen doakion higikariarena; beti bera ez dena. v Higidura elkartua. Mek. Zentzu ezberdineko bi indar edo gehiago elkartzearen emaitza. v Higidura helikoidala. Zuzen batean, errotazio higidura edo zirkularra eta higidura zuzena elkartzearen emaitza. v Higidura iraunkorra edo etengabea. a) Etengabe, batere energiarik erre gabe, dabilen higikariarena; termodinamikaren lehen legea ezeztatzen da. b) Beroa, oso-osorik, lan bihurtzen duena; termodinamikaren bigarren legea ezetatzen da. v Higidura kopurua. Masa sistema bati dagokionez, masa horietako bakoitzaren eta bakoitzari dagokion lastertasunaren biderkaduren arteko batura (m1v1 + m2v2 + .. + mnvn= ∑mivi); gaur egun momentu lineal izena gehiago erabiltzen da higidura kopurua baino. ik. momentu lineal. v Higidura uniformea. Lastertasuna beti berbera duena. Marruskadurarik ez duen gorputz bat indar baten mende jartzearen ondorio izaten da. Hala, t denboraren buruan e luzerako ibilbidea egin duen higikariarentzat, lastertasuna v = e/t. Beraz, higidura uniformearen ekuazioa honela adierazten da: e = v t. v Errotazio higidura. Bere ardatzaren inguruan biraka dabilen gorputzarena. v Translazio higidura. Astron. Argizagiak bere orbitan zehar egiten duena. || Mek. Duen luze-zabalera izateko oso erradio handiko kurbak egiten dituen gorputzarena; jaurtigai batena, adibidez. v Uhin higidura. Uhinen gisa hedatzen den dardarazko higidura, ur gainazalarena, adibidez. Materia ez, baina energia garraiatzen da.