Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hidrolisi

iz. Kim. Gai organiko bat uraren bidez deskonposatzea, uraren eta gai horren zatiketa sortzen duen erreakzio kimikoa; ura bere ioietan zatitzen da (hidronioa eta hidroxiloa), eta horietako bakoitzak zatitutako gaiarekin erreakzionatzen du. Kimika ez organikoan gertatzen diren era honetako erreakzioen artean ur disoluzioan gertatzen diren azido eta baseen hidrolisia da nagusia. Biak indartsuak baldin badira hidrolisia osoa da. Biak ahulak baldin badira, hidrolisia partziala da, eta disoluzioari ezaugarri azidoa edo basikoa eransten dio sortzen diren ioi hidronio (H3O+) eta hidroxiloen (OH-) konzentrazioaren arabera. Adibidez, erreakzio honetan: CH3COONa + H2O ’ NaOH + CH3COOH disoluzio basikoa eratzen da. Kimika organikoan hidrolisi mota asko dira garrantzitsuak; adibidez, estereen hidrolisia, azido koipetsu bat eta alhohol bat eratzen duena (CH3–COO–C2H5 + H2O ’ CH3–COOH + C2H5OH), entzimek katalizatutako almidoiaren hidrolisia, azukrea eratzen duena, xaboiak eratzeko hidrolisiak, eta abar. Normalean katalizatzaileak behar dira hidrolisia bizkortzeko, eta entzimak eta bakterioak dira katalizatzaile egokienak. Hala, gizonaren urdailean dagoen pepsina entzimak proteinak hidrolizatzen ditu, eta horren ondorioz aminoazidoak eratzen dira.