hidrologia
iz. Geogr. Ura geologiaren ikuspegitik aztertzen duen jakintzaren alorra, uraren tasunak, banaketa eta kontinenteetan duen zirkulazioa aztertzen dituena. Hidrologiaren oinarrizko kontzeptuetako bat uraren zikloa da; urak ozeanoetatik abiatu eta berriro itsasora iritsi arte eguratsetik eta kontinenteetatik barrena egiten duen bidaia da. v Hidrologia terapeutikoa. Mineral urak eta horien balioa aztertzen ditu. Ur bakoitzak bere tasun bereziak ditu (badira ur klorodunak, karbonodunak, iododunak, sulfurodunak, etab.), eta tasun horien arabera, hainbat gaitz senda ditzakete. Trataerak ere desberdinak izaten dira: bainu epelak, beroak edo oso beroak hartzea, zapi hezeak gorputz gainean jartzea, dutxak hartzea, ura presioan erabiliz ahoa, hesteak eta beste organo batzuk garbitzea, mineral urak edatea, etab. Hidrologia terapeutikoak ospe handia izan zuen XX. mendearen hasieran, eta egun batzuk bainu-etxeetan ematea goi mailako turismotzat jotzen zen. Euskal Herrian oso ezagunak ziren Fiteroko eta Karrantzako etxeak eta orain gutxi eraberritu den Zestuako bainu-etxea. ik. hidroterapia.