hezur
iz. Ornodunen hezurdura osatzen duten atal gogor eta zurrunetako bakoitza. || Arrainen bizkarrezurra. || Hezurkia. || Zenbait fruituren hazia biltzen duen oskol gogorra. || Hezur eta azal (egin, egon, gelditu). Erabat mehe. || Hezur eta larru (egin, egon, gelditu). Erabat mehe. || Hezur eta mami. Jainkoak hartua bezala nengoen hezur eta mami. || Hezur-huts. Gizonen edo abereen hilotzen hezur mamigabe eta ihartuak. v Anat. Ornodunek baizik ez dute hezurrik. Era askotako eginkizun garrantzi handikoak betetzen dituzte hezurrek: gorputzari tente eusten dion egitura osatzen dute; finkatzeko gunea eta palanka egiteko modua ematen diete giharrei; burmuina, bizkar muina, eta barnealdeko organo bigun nagusiak babesten dituzte; eta gorputzeko prozesu askotarako oso beharrezkoa den kaltzio mineralaren erreserba dira, orobat. v Hezur ehuna. Hezur ehuna gai organikoz (kolageno proteinazko zuntz konjuntiboa), eta gai inorganikoz (kaltzio, fosfato eta karbonato mineralek osaturiko kristalak) osatua da. Nahiz eta hezurrek trinkoak diruditen, nerbio, odol eta linfa hodi mikroskopikoak dituzte. Hezurraren kanpoaldea inguratzen duen ehunari peristeo deritza, eta han finkatzen dira giharrak eta zainak. Barnealdeko ehun gorrixkari, berriz, tuetano deritza, eta bertan sortzen dira odoleko zelula gorriak. Ornodun gazteengan hezurren herena gai inorganikoa da, eta bi heren inguru, berriz, gai organikoa; helduengan proportzioa alderantzizkoa da, eta horregatik dira hauskorragoak helduen hezurrak. v Hezur zelulak. Hezurretako gai biziak dira. Ornodun helduaren hezurretan ehuneko bosten bat besterik ez dute hartzen. Lau motakoak izaten dira: osteoblastoak (hezurraren barne eta kanpoaldeko egituretan daude eta hezur ehuna sortzen dute); osteoklastoak (hezur egituran bertan daude, baina hezur ehuna desegiten dute); osteozitoak (hezurrari bizirik eusten diote, eta beste zelulen artean finkatzen diren osteoblasto izandako zelulak dira); eta azkenik, hezurraren kanpoaldea inguratzen duen peristeo ehunean eta barnealdeko barrunbeetan, garatu gabeko zelula sailkagaitz batzuk daude, osteoblasto eta osteoklasto berriak sortzen dituztenak. v Hezurraren egitura eta hezur motak. Hezur ehun trinkoaz eta hezur ehun harroaz osatua da hezurra; bi hezur ehun mota horien antolaketaren arabera, hiru eratako hezur motak daude: luzeak, zabalak eta motzak. Hezur luzeetan (izter-hezurra, tibia etab.), erdialdean hezur ehun trinkoz osaturiko zati zilindriko bat agertzen da (diafisi), bere barnean, muin ildoan, hezur muina babesten duena. Aldeetan epifisi-ak daude, hezur ehun harroz osaturikoak; kanpoaldean hezur ehun trinkozko geruza mehe bat dute, eta epifisiaren giltzaduragunea inguratzen duen giltzadura kartilagoa. Diafisiaren eta epifisiaren artean ehun harroz eraturiko metafisi deritzan gunea dago. Ornoduna hazteko sasoia denean, metafisiaren eta diafisiaren artean haziera kartilago deritzan kartilagozko gune bat ageri da. Hezur zabalak (garezurra, hezur iliakoak) hezur ehun harrozko geruza batez bereizten diren bi hezur ehun trinkoz osatuak dira. Hezur motzak (karpo eta tarsoetako hezurrak) ehun harroz, eta ehun trinko geruza fin batez inguraturik daude. Hezurrak periostio deritzan ehun konjuntibozko zuntz mintz batez inguraturik daude. Hezur muina hezur ehuneko barrunbe guztietan agertzen da, bai muin ildoaren barnean eta bai hezur ehun harroen barrunbeetan. v Hezurren eraketa. Hezur eraketa edo hezurtzearen bidez hezur berriak sortzen dira. Hezurtzea umekiaren bizitzaren hirugarren hilabetean hasten da eta gaztaroan amaitzen da. Hautsitako hezurra 4-10 astetan konpontzen da, hezurtze prozesuen bitartez. v Hezurren haziera. Hezurraren zabalerako haziera periostioaren geruza sakonenean gertatzen da; luzerakoa, berriz, diafisiaren eta epifisiaren artean dagoen kartilago konjuntiboan. Hezurren hazieran eragina dute geneek, bitaminek (A, B, C eta D), hormonek eta metabolismoak.