Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hezkuntza

iz. Gizakiak, bere ahalmenak garatuz eta gizabidea erakutsiz, gizartean bizitzeko prestatzea; horretarako erabiltzen diren bideak edo sistemak. v Hist. Antzinako Grezian erretorika, matematika, musika eta kultura fisikoa ziren hezkuntzaren oinarri; sartaldeko Europan, Errenazimentu garaira arte, goi mailakoek soilik zuten horretarako ahala; Erdi Aroan eliza izan zen hezkuntzagune nagusia. Zientzia eta teknologiaren garapenak hezkuntza klasikoaren kontzeptua aldatu zuen, eta hezkuntza profesionala eta zaletasunezkoa agertu ziren gero. Hori dela eta hezkuntzaren psikologiak metodo berriak sortu behar izan zituen. Estatu demokratikoek jende askori ireki zizkioten hezkuntzaren ateak. ■ Hezkuntza berezia. Adimen urriko edo handiko haurrentzako hezkuntza zerbitzuen multzoa. ■ Haur batzuk batez bestekotik bereizten dira adimen ezaugarri, zentzumen trebetasun, ezaugarri fisiko, portaera edo komunikatzeko gaitasun berezia dutelako, eta hezkuntza zerbitzu bereziak behar dituzte bere garapena egokia izango bada. Hezkuntza bereziak, banakako ikaskuntzaren bitartez, beren ezaugarri berezietara egokitutako esperientziak eskaintzen dizkie haur horiei. Disfuntzioren bat duten pertsonen arreta ideia berri samarra da dena dela; antzina, disfuntzioren bat zuten haurrak hiltzen uzten ziren. Erdi Aroan gizatasun handixeagoz tratatu zituzten, baina ez zen uste ikasteko ahalmena zeukatenik. XIX. mendean, pertsona itsuak, gorrak, atzeratuak edo burutik nahasitakoak zaintzeko zentroak zabaldu ziren, Europan lehenbizi, eta Estatu Batuetan gero. XX. mendean haurrak egunez hartzen zituzten zentro bereziak eta eskola publikoak sortu ziren, baina azpiegitura horrek oso haur gutxi hartzeko ahalmena zuen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, pertsona berezi horiei buruzko jarrera aldatuz joan zen zenbait herrialdetan, eta hezkuntza bereziaren erantzukizuna estatuak berak hartu zuen bere gain. Gero, guraso taldeak, haur berezien eskubideen alde borrokatzeko sortuak, hezitzaile profesionalekin elkartu ziren hezkuntza programa bereziak sustatzeko.       
Adimen handiko ikasleentzako programak. Dohain eta talentu bereziak dituzten ikasleen hezkuntza ez da, oro har, aintzat hartzen, baina badira haien beharrei eta premiei behar bezala erantzuteko zentroak ere. Dohain berezi horiek edozein jardueratan ager daitezke: ikasketetan, artean, sormen lanetan edota buruzagitzan. Ikasketetan, ikasbide tradizionala hartzeaz gainera, goragoko mailetara igarotzeko aukera ere izaten dute. Adimen handiko ikasleen hezkuntza premiak esperientzia aberasgarrien bidez trata daitezke, eta adinaren arabera baino gehiago adimenaren trebetasunaren arabera antolatutako ikaskuntza taldeetan txertatuz.  
Eragozpen fisikoak dituzten haurrentzako programak. Eragozpen fisikoak era askotakoak izan daitezke: itsutasuna, miopia, gorreria erabatekoa, entzumenaren ahultasuna, disfuntzio ortopedikoak, eta abar. Ezintasunaren mailaren eta haurraren ezaugarrien arabera, haurrak eskola berezietan edo ikasgela berezietan egon daitezke, edo ikasgela normaletan, irakasle berezien laguntzarekin. Itsuei Braille irakurtzen erakusten zaie eta psikomotrizitatea lantzen dute bereziki. Ikusmen arazoak dituztenentzat letra handiko liburuak behar dira, idazki bereziak eta argitasun egokia. Gorreriak hizkuntzaren entrenamendu berezia eskatzen du (abestiak, silaben ahoskatzea, elkarrizketa bizitzeko lan trinkoa), eta entzumena hobetzeko prestakuntza. Arazo ortopedikoak dituzten haurrek, berriz, logopeda, fisioterapeuta eta psikologo edo gizarte laguntzaile baten laguntza beharko dute. ■ Adimen urriko haurrentzako programak. Adimen atzerapen larriak dituzten haurrek eragozpen fisikoren bat ere izaten dute. Haur hauek hezkuntza zentro eta ikasbide bereziak behar izaten dituzte: bizitegi eskolak, eguneko eskola bereziak, ikasgela bereziak, ohiko eskolak hezkuntza zerbitzu bereziez hornituak. ■ Portaera desegokia duten haurrentzako programak. Haurrek portaera arazoak izan ditzakete, oso lotsatiak direlako, oso oldarkorrak direlako, eta abar. Oro har, beste ikasleekin batera egoten dira ikasgelan baina psikologo, gizarte laguntzaile eta logopeden laguntza izaten dute. ■ Hizkuntza arazoak dituzten haurrentzako programak. Behar bezala ahoskatzeko edo hitz egiteko arazoak eragozpen handia izan daitezke eragikortasunez komunikatzen ikasteko. Era honetako arazoa duten haurrei eskaintzen zaien hezi edo irakasbidea eragozpen mailaren araberakoa da. Hezkuntza bereziko irakasleen eta logopeden laguntza behar izaten da gehienetan.        
■ Konparazio sistemak. 1960 eta 1995 artean, nazio desberdinetako hezkuntza sistemak konparatzeko 14 azterketa egin ziren alfabetizazio mailei buruz, matematika eta zientzietako arloetan. Adin edo hezkuntza maila bereko ikasleei galdekizun berberak egin zitzaizkien, baina hezkuntza sistema desberdinen konparazioa egiteko orduan zenbait arazo sortu ziren, beren kultura maila desberdinak zirela-eta. Gainera, nazio bakoitzak bere hezkuntza programak dituenez, bakoitzak modu desberdinean neurtzen ditu curriculumeko alderdi guztiak. Nazioarteko lankidetzaz nazio guztientzat oinarri komuna ezartzen saiatu ziren arren, nazio bakoitzak galdekizuna bere hezkuntza sisteman oinarritzea normala izan zen: matematikako arloaren ebaluazioan adibidez, 1991n egindako galdekizunetan, zenbaki eta eragiketen atalari Israelek bere hezkuntza programetan % 10eko garrantzia ematen zion bitartean, Suitzak % 50ekoa ematen zion, eta aljebra eta funtzioetan, berriz, alderantziz. Beraz, kalitateari buruzko konparaziozko azterketak egiten zailak izateaz gainera, erabilera mugatukoak dira, eta ez dute hezkuntza sistemen arteko aldeen arrazoirik argitzen. Hala ere, ondorioetan ikasleen erdi mailako emaitzek irakurketarekin zerikusia dutela frogatu ahal izan da: irakurketa isilari eskaintzen zaion denborarekin, eskolako lehen urteetan ipuinak kontatzen ematen den denborarekin eta, batez ere, liburuen eskuragarritasunarekin.