hezurdura
iz. Gizon edo abere baten hezurren multzoa, gorputzean ezarriak dauden eran. v Ornodunen hezurdura. Ornodunek bakarrik dute benetako barne hezurdura. Barne hezurduraz gainera, zenbait ornodun taldek azal hezurdura edo kanpo hezurdura dermikoa ere badute (oso sendoa ornodun fosiletan; gaur egun, zenbait arrain, narrasti eta ugaztunetan bakarrik agertzen da). Barne hezurdura bi eratako ehunek osatzen dute: kartilago ehunak eta hezur ehunak. Kartilago ehuna ernamuinaren edo umekiaren hezurdura osatzen duena da; animalia helduak ere izaten du. Hezur ehuna askoz ere konplexuagoa eta garrantzitsuagoa da. Ornodunen barne hezurduran hezurdura axiala eta hezurdura apendikularra bereizten dira. v Ardatz hezurdura edo hezurdura axiala. Ardatz hezurdura garezurrak, bizkar hezurrak eta saihetsek osatzen dute; ernamuinean hasten da garatzen eta animaliaren hezurdura ardatz nagusia da. Garezurreko hezurrak kartilago jatorrizkoak edo mintz konjuntiboak izaten dituen aldaketen ondorioz sortzen dira. Bizkar hezurrak eginkizun garrantzitsuak ditu ornodunengan: bizkar muina gordetzen du; gorputzeko gihar asko finkatzen ere laguntzen du; sahiets hezurrei eusten die; hezurdura apendikularrari eusten dio; eta animaliaren mugimendu askeari laguntzen dio euskarri gisa. v Atal hezurdura edo hezurdura apendikularra. Ornodunen hezurdura apendikularra gerrialdeak, azpialdeak, eta gorputz adarrek osatzen dute. Gerriak aurrealdeko gorputz adarrak lotzen dizkio hezurdura axialari; azpialdeak berriz atzealdeko adarrak lotzen dizkio. Ornodunen gorputz adarrek hiru zati dituzte: hurbilekoa (gorputzetik gertuena dagoena, eta hezur luze batez osatua); erdikoa (hezur luze eta motz batez osatua), eta hurrunekoa (hezur txikiz osatua). v Gizonaren hezurdura. Gizonaren hezurdura gizona zutik ibiltzen hasi zenetik aurrera garatuz joan zen. Gizonaren hezurduran burua, enborra eta gorputz adarrak bereizten dira. Burua garezurraz eta aurpegiko hezurrez eratzen da. Garezurra zortzi hezurrek osatzen dute eta aurpegiko hezurrak berriz hamalau dira. Enborra bizkar hezurrak, saihetsek, sorbalda hezurrek eta eskapulek osatzen dute. Bizkar hezurra gizonaren hezurduraren atal garrantzitsuenetakoa da. Gizon helduaren bizkar hezurrak S itxura du, mugimenduak sortzen duen astindua biguntzeko; barrunbe ahurrek leku gehiago ematen diete barne organoei eta pisua orekan mantentzen laguntzen dute; era berean hezurdura hautsgaitzagoa bihurtzen dute. Bizkar hezurrari loturik diren saihetsek bihotza, birikak eta beste organo garrantzitsuak gordetzen ditu; ugaztunengan arnasketarako oso garrantzitsuak diren saihets arteko giharrak eta diafragma jasotzen ditu orobat. Azpialdeko gorputz adar bakoitzak belaun hezurra eta oineko hezurrez gainera, beste hiru hezur luze ditu. Goialdeko adar bakoitzak, berriz, eskuko hezurrez gainera, hiru hezur luze ditu. Gizon heldu baten hezurdurak 206 hezur ditu.