Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hesiodo

(Gr. Hesiodos). Greziar olerkaria (Askra, Beozia, K.a. VIII. - VII.). Biografia datuak ezagutzen zaizkion lehen idazlea. Askra-n hil zen baina errautsak Orkomeno-ra eraman zituzten eta ohore handietan zuten han. Lanak eta egunak (Erga kai hemerai) poeman kontatu zuen aita merkatariaren herentziagatik, Perse anaiak auzia jarri ziola eta, epaileak erosirik, parterik handiena beretu eta xahutu egin zuela. 828 hexametroko poema horretan, lanaren eta justiziaren gaia jorratu zuen, eta mito, alegia eta esaeren bidez erakutsi zuen nola lan jarraikiak duintasuna dakarkion gizonari. Obra hori izan da antzinako Greziaren gizarte egoera ezagutzeko iturri nagusietako bat. Hesiodoren beste lanetako bat Teogonia da: 1.022 hexametrotan munduaren eta jainkoen jatorria azaltzen duena, mito eta erlijio grekoak ezagutzeko balio handikoa. Hesiodorenak dira, orobat, Heraklesen erredola (Aspis Herakleus) obraren lehen berrogeita hamalau bertsoak. v Hesiodoren berezko hizkuntza dorieraz ñabarturiko eoliera bazen ere, bere obretan joniera erabili zuen, Homerok finkaturiko literatura ereduari jarraituz. Hesiodororen poesia, alabaina, heroien egitandietatik urrun da, gerra eta erregeen lapurretak gorroto baititu, eta eguneroko lana eta justizia maite.