Herrera, Juan de
Espainiar arkitektoa (Mobellan, 1530 inguruan - Madril, 1597). Valladoliden ikasi eta oso gazterik joan zen Italia, Alemania eta Flandesera (1548). Gero Karlos V.aren armadarekin berriro izan zen Flandesen (1553). Karlos V.a hil zenean, Filipe II.aren zerbitzura jarri zen. 1563an Juan Bautista de Toledoren zuzendaritzapean egiten ari ziren Escorial monasterioan hasi zen lanean. Toledo hil zenean, erregeak obren buru ezarri zuen Herrera (1567-1584), eta berak egin zituen monasterioko aurrealde nagusia eta eliza. Erregearen arkitekto izendatu zutenean, erregetzaren eraikuntza guztien ikuskari bihurtu zen. Herreraren planoen arabera eginak dira, besteak beste, Toledoko Alkazar-eko hegoaldeko aurrealdea, Sevillako Lonja eta Aranjuezko jauregiaren berrikuntza. Herreraren obra nagusia, ordea, Valladolid-eko katedrala izatekoa zen. Rodrigo Gil, hasierako arkitektoa, hil zelarik, proiektua erabat berritu zuen. 1589an eman zitzaion hasiera obra eskergari (XIX. mendean bukatu zen, hasierako proiektua aldatu eta murrizturik). Madrilgo hirigintzaren berrikuntzan ere esku hartu zuen Herrerak. v Serlio eta Vignolaren jarraitzaile eta Espainiako Errenazimentuko arkitektorik behinena da Juan de Herrera. Haren izena daraman estiloaren ezaugarriak, apaindurarik eza, horma sendoak, lerro geometrikoen eta gainazal lauen nagusitasuna dira.