Hein, Cristoph
Alemaniar idazlea (Heinzendorf, Silesia, 1944). Filosofia eta logika ikasketak egin zituen, Leipzigen lehenbizi, eta Berlinen gero. Ikasketak amaituta (1971), Berlin ekialdeko Herri Antzokian lanean hasi zen, baina 1979. urtetik aurrera, gainerako lanak utzita, idazten hasi zen buru-belarri. Besteak beste, Alemaniako Errepublika Demokratiko ohiaren Heinrich Mann saria irabazi zuen. H. Müller eta V. Braunek bezala, Brechten ereduari jarraitu zion, agerian utziz errealitate sozialistan zeuden kontraesanak. Heinek hausnarketa egiten du intelektualak gizarte sozialistan izan behar duen tokiaz eta jokatu behar duen paperaz. Haren lanen artean aipagarriak dira, besteak beste, Cronwell und andere Stücke (1981, Cronwell eta beste lan batzuk), Passagen (1988, Pasarteak), eta Der fremde Freund (1982, Inoren laguna) eleberri laburra. Eleberri horretan gizartearen estatikotasuna salatzen du, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren alienazioa, lagunaren hilketaren aurrean erreakzionatzeko gauza ez den doktore ospetsu baten bitartez. Idatzi zuen lehenengo eleberriak ere heriotza du abiapuntua –Horns Ende (1985, Horn-en amaia)–, eta pertsonaia batzuen oroitzapenak eta pentsamenduak bilduz, gutxiespena, ustelkeria eta mugarik gabeko erresistentzia erakusten ditu.