Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hegazti

iz. Animalia ornodun odol-beroa, gorputza lumaz estalia duena, mokoduna, aurreko gorputz-adartzat hegoak eta atzekotzat hankak dituena, oro har hegan egiteko egokitua dagoena. || Hegazti(-)hazkuntza. Hegazti hazkuntzak badu bere garrantzia ekonomian. v Zool. Ornodun homeotermoen (gorputzeko berotasuna aldatzen ez zaienen) klasea da hegaztiena, ornodun guztien artean —arrainak alde batera utzita— mota gehien dituena. 28 ordena eta 9.000 mota inguru ditu hegaztien klaseak. Gaurko hegazti mota guztietatik txoriek 5.000 hartzen dituzte (55 familia), eta elkarren artean duten ezaugarri bakarra txorien oin bereziak dira (lauak eta mintzik gabeak). Hegaztiek gorputza lumaz estalia izatea dute ezaugarri nagusia. Erraz hegan egin ahal izateko hezurdura arina dute, hezur asko hutsak izaten dituzte, eta lepoan, bularraldean eta sabelean hutsuneak dituzte. Hutsune horiek biriken luzapenak dira, haizez beteak daude, eta hegaldian arnasa hartzeko erabiltzen dituzte; bularraldean, gainera, gihar indartsuak dituzte hegoak mugiarazteko. Hegazti talde batzuek hegan egiteko ahalmena galdua dute, eta lasterkari bilakatu dira (ostrukak) eta beste batzuk igerilari (pinguinoak). Hegaztiek, ugaztunen antzera, odol beroa dute eta zirkulazioa bikoitza. Oso ikusmen ona dute. Obiparoak dira, alegia, arrautzak erruten dituzte. Azpimarratzekoak dira hegaztien sexu bimorfismoa, txiten ardura eta migrazioak.