Hegel, Georg Wilhelm Friedrich
Alemaniar filosofoa (Sttutgart, 1770 - Berlin, 1831). Sorterriko lizeoan ikasketak egin ondoren, Tübingen-eko apaizgaitegi protestantean sartu zen (1788). Ikaskide izan zituen Schelling eta Hölderlin. Antzinako Greziaren mirespenak liluraturik ibili ziren hirurak, eta bozkario handiz hartu zuten Frantziako Iraultza. Berlinen (1793-1796) eta Frankfurt-en (1797-1800) hasi zen irakaskuntzan. Gero Jenan (1801-1807) eta Heidelberg-en (1818 arte) jardun zuen filosofia irakasten. Urte horretan bertan Berlina deitu zuten Fichte-ren katedra har zezan, eta han egon zen 1831n koleraz jota hil zen arte. Bere garaiko politikaren gorabeherek eta herrien erlijio historiaren ikerketek moldatu zuten Hegelen pentsamoldea. Biziki erakargarri zitzaion grekoen polis hura, haren edertasuna, zoriona eta askatasuna. Kristautasunak, berriz, mundu horren krisia ekarri zuela uste zuen: mundu objektiboa kontzientziaren patua bihurtu, eta bere burua etsaitzat hartzen du gizakiak. Lehen aro horretakoak dira Jesusen Bizitza (1795) eta Kristautasunaren izpiritua eta helburua (1798). Filosofiaren kritikan saiatu zen gero: Kant-en subjektibismo eta formalismo morala, Fichte-ren eta Schelling-en arteko aldeak (Differenz des Fichteschen und Schellinschen Systems der Philosophie, 1801). Alde batetik historia, bere positibotasun eta kontraesanekin, eta bestetik, arrazoia, bere batasun eta unibertsaltasunean, biak uztartzea izan zen aurrerantzean Hegelen filosofiaren xedea, errealitatea eta arrazoia bateratzea, alegia, betiere gizakia bere osotasunean (askatasuna, zoriona) harturik. 1807an Izpirituaren fenomenologia (Die Phaenomenologie des Geistes) eman zuen argitara, Jakintzaren logika (1812-1816) obraren sarrera antropologikoa dena. Gero (1817) Jakintza filosofikoen entziklopedia plazaratu zuen. Berlingo departamentu buru izan zenerako (1818), bere garaiko filosofo nagusitzat aitortzen zuten. Hil ostean, hango irakatsiak biltzen zituzten liburuak argitaratu ziren: Zuzenbidearen filosofia, Historiaren filosofia, Estetika, Erlijioaren filosofia, Filosofiaren historia. v Kant-en intelektualismo abstraktuari eta irrazionalismo erromantikoari zehaztasuna eta arrazionaltasuna kontrajarriz aurkitu zuen Hegel-ek izakiari heltzeko bidea, hots, izakia egiazki eta errealitatean ezagutzekoa. Errealitate partikularra bere etorkizunean eta iragankortasunean ulertzea osotasunaren ikuspuntutik atzematea da (unibertsal konkretua), absolutuaren adierazgarri den aldetik. Unibertsoaren muinean Hegelek izpiritu absolutu bat jartzen du, errealitatea gidatu eta dena biltzen duena, giza arrazoia barne. Erabateko idealismoa da, beraz, halako munduaren arima bat postulatzen duena. Arima historian zehar atzeman daiteke, bere aldakuntza eta bilakaeran. Dialektika deritzan prozesu horren legeen arabera, kontzeptu batek (tesia) ezinbestean bere aurkakoa sorrarazten du (antitesia); bi kontzepuok elkarri eraginik, berri bat sortzen da (sintesia); azken hori ere, bere aldian, beste hirukote berri baten abiapuntuko tesia izango da. Hala irits daiteke gizakia absolutua historiaren baitan nola agertzen den aditzera. Hegelen dialektika kulturen arteko gatazken azterbidetzat harturik, historia ikerketek susperraldi bat izan zuten aurki. Politikaren aldetik, berriz, Hegelen ekarriaz erruz baliatu ziren Alemania bateratu baten alde ari zirenak. Erabateko eragina izan zuen Hegelek ondorengo pentsalari idealistengan eta zenbait filosoforengan (Kierkegaard, Sartre). Ondoriorik zabalenak izan dituen eragina, hala ere, Karl Marxengan izan zuena da. Marxek, Hegelen dialektika egokiturik, idealismoaren lekuan materialismoa jarri zuen (materialismo dialektikoa).
- hegazti
- hegaztiki
- hegaztitzar
- hegaztizain
- hegaztizaintza
- Hegel, Georg Wilhelm Friedrich
- hegelianismo
- hegemonia
- hegi
- hegigo
- hegikatu, hegika, hegikatzen