Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hauze

Zuberoako hego-ekialdeko udalerria, Atharratze-Sorholüzeko kantonamenduan (Basabürüko Ibar Ezkerrean). Haux du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Liginaga-Astüe, ekialdean, Montori/Berorize eta Biarno (Landa-Sarraltzune) mendebalean, Ligi-Atherei eta hegoaldean, Santa grazi. 17,01 km2. 1999ko datuen arabera, 96 biztanle (hauztarrak). Auzo nagusiak: Ezpeleta, Saldaki, Undurain, Bassagails, Bonnefont, Harispe, Arbuslan eta Hauze. Oso eskualde menditsuan dago Hauzeko udalerria eta mendi garaienak hegoaldean daude: Arbut (1.542 m), Iguntze (1.387 m), Losko (1.108 m). Euskara, zuberera; euskaldunak, % 88. Laborantzan (barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntzan (ardi eta behi aziendak) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera. Aipagarri dira San Joan parrokia erromanikoa eta XVII. mendearen hasierako harrizko gurutzea.