Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hausmann, Manfred

Alemaniar idazlea (Kassel, 1898 - Bremen, 1986). Lehen Mundu Gerran zauritu egin zuten, eta Munichera joan zen, artearen historia, filosofia eta filologiako ikasketak egitera. 1926an Worpswede herrira joan zen, eta han, Samuel Fischer argitaratzaileak akuilatuta, idaztera eman zen buru-belarri. Bidaia asko egin zituen, besteak beste Alemaniako zati handi batean zeharreko bidaldia, oinez. Bigarren Mundu Gerran ere parte hartu zuen, eta gerra bukatutakoan, zenbait egunkaritako literatura gehigarrietako idazle gisa lan egin zuen. Gero, Bremenera joan zen. 1967an sermoilari gisa laguntzen hasi zen eliza ebanjelikoan. Hausmannen lehenengo testuetan halako ezkortasun nihilista bat nabari da, baina sentimendu hori 1933tik aurrera aldatu zen, Kierkegaarden filosofia existentzialistaren eta Karl Barthen teologia dialektikoaren eraginaren ondorioz, besteak beste. Era askotako testuak idatzi zituen: poesia eta saiakerak, konposizio japoniarren imitazioak, elezahar kristauak, gogoeta teologikoak eta sermoiak. Baina eskale batzuekin izan zuen esperientzia batean oinarritutako eleberri batek eman zion ospea: Lampioon küßt Mädchen und kleine Birken (1928, Lampioonek musu ematen die neskei eta pinu txikiei). Berehehala, eleberri horren segida idatzi zuen: Salut gen Himmel (1929, Goraintziak zeruari). Baina Hausmannen eleberri famatuena Abel mit der Mundharmonika (1932, Abel, harmonikadun hori) izan zen, nerabeen arteko harreman sentimentalei buruzkoa. Hurrengo eleberrian –Abschied von der Jugend (1947, Agur gaztaroari), senar-emazte batzuen arazoak kontagai dituen istorioa– agerian utzi zuen bere erlijiotasun sakona. Are gehiago hurrengoan, Liebende leben von der Vergebung (1953, Maitaleek barkamena bizi dute) tratatu teologiko moduko obran. Azken liburu horien kritika txarrak gorabehera, irakurleek oso harrera ona egin zieten. Obrarik arrakastatsuenak, baina, Hausmannen istorio autobiografikoak izan ziren: Martin (1949), Isabel (1953) eta Andreas (1957).