Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hausa

izond. eta iz. Nigeriako iparraldean bizi den izen bereko herri bateko kidea eta herri horrek mintzatzen duen hizkuntza. Afrikako sartaldeko herri beltz hau gaur egun fulbeekin nahasia dago. Hausak nekazari eta eskulangile nahiz merkatariak dira, eta beren ibilera luzeetan ipar Afrikaraino iristen dira salerosketan. Hausa hizkuntza Niger-eko hegoaldean eta Nigeriako iparraldean mintzatzen da, eta Togotik Kamerunera eta Saharatik Ginea golkoraino erabiltzen den harremanetako hizkuntza gisa. v Historia. X. mendean jadanik konfederazio batean bilduriko erreinuetan antolaturik zeuden hausak. XIV. mendean Islama hartu zuten erlijiotzat, eta mende horretan erreinuok zazpi hiri-estaturen inguruan antolatu ziren: Kano, Karia, Katsina, Daura, Rano, Gobir eta Biran. Haietatik bi, Kano eta Katsina, garrantzi handiko merkataritzaguneak izan ziren XV. eta XVII. mende bitartean. XVIII. eta XIX. mendeetan merkatari burgesia finkatuz joan zen bi hiri horietan. XIX. mendearen hasieran, Utman den Fobio fulbe eskribaua hausen agintari klasearen aurka matxinatu zen, ustelkeria aitzaki hartuta. Erreforma eta puritanismo islamiarra aldarrikaturik, hausa nekazariak, fulbe abeltzainak eta hirietako burgesia txikia bildu zituen gerra santuaren inguruan. Kano suntsitu (1808) eta inperio bat eraiki zuen. Britainia Handiak hausa estatuekiko adiskidetasun politika erabili zuen kolonialismoaren garaian. Nigeriak independentzia lortu zuenean, administrazioa hausen esku geratu zen.