Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hauser, Kaspar

Jatorri iluneko pertsonaia alemaniarra (1812 inguruan - Ansbach, 1833). Nekazari jantzian agertu zen Nurenbergen 1828ko maiatzaren 26an. Ibilera bitxikoa eta argiaren ihesi bezala zebilen hamasei urte inguruko gaztea zen artean, eta gutun bat zeraman aldean; gutun hark zioenez, Kaspar Hauser jaiotzatik laborari batzuen ardurapean utzi zuten eta haiek ezkutuan hazia zen. Halako arlotea ikusirik, kartzeleratu egin zuten. Medikuek egin zioten azterketak erakutsi zuenez, Kaspar ez zen inoiz oinez ibili ordu arte, oin zolak haurtxo batenak bezain bigunak baitzituen; guztiz sentibera izan arren, gauez ez zuen ezerk esnatzen, ez hotsek ez zimikoek, eta jaki beroek zintzurra erretzen ziotela zirudien. Nurenbergeko epaile nagusiak bere gain hartu zuen Kaspar-en heziketa eta harengandik jakin ahal izan zuen halako ziega estu ilun batean hazia zela. Orduan ireki zen Kasparen benetako jatorriari buruzko eztabaida, ez baita oraino erabaki, printze baten seme ezkutua ote zen, nerbioetako gaitzak jotako gaixoa, ala iruzurra besterik ez ote zen guztia. Geroztik, eztabaida gai izan da Kaspar Hauser Alemaniako literaturan, hipotesi klasikoak Karlos Badengo duke handiaren seme egiten baitu. Kaspar-en heriotza haren agerkera bezain misteriotsua izan zen. Bere iragana argituko ziola adierazi zion ezezagun batek jarritako hitzordura etorririk, hark emandako labankadaz hil zen, 1833ko abenduaren 14an. Hilobian hau ezarri zuten: Kaspar Hauser, garaiotako enigma.