Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Harana

Araba ekialdeko udalerri eta harana (Arabako Mendialdea). Harana-Valle de Arana du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Asparrena eta Larragoa; ekialdean, Larragoa; mendebalean, Maeztu, eta hegoaldean, Lana. Herrigune hauek osatzen dute Haranako udalerria: Alda, Kontrasta, Done Bikendi Harana eta Uribarri Harana. Garaiera, 819 m. 39,22 km2. 1997ko datuen arabera, 358 biztanle ditu (harandarrak), ia denak erdaldunak. Bitigarra I (1.156 m), Bitigarra II (1.130 m), San Kristobal Gaina (1.142 m) eta Morube (1.128 m) mendiek inguratzen dute Harana, eta Ega ibaiaren Istora eta Uharra adarrek zeharkatzen dute. Laborantzan (laboreak, patata, bazkarako landareak) eta abere hazkuntzan (behi eta ardi azienda) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia (langileen % 72). v Historia. Alfontso XI.a Gaztelako erregearen eskutik jaso zituen foruak 1.344. urtean. Aldako herria bertako auzoa izan zen Ulibarri-Haranarekin bat egin zuen arte (1654). Done Bikendi Harana ere Kontrastaren mende egon zen 1337. urtea arte. Uribarri Harana Kontrastako auzoa izan zen 1654. urtean Filipe IV.ak bereizi zituen arte. 1940. urtean sortu zen Haranako udalerria, Alda, Kontrasta eta Done Bikendi Harana udalerriek bat egin ondoren.