Hale-bopp kometa
1997an kometa izugarri distiratsua igaro zen eguzkiaren ondotik, C/1995 01 Hale-Bopp kometa hain zuzen ere. Behaketa teknika modernoenak erabili zituzten astronomoek, eta aurkikuntza ugari egin zituzten kometen izaerari eta jatorriari buruz. XX. mendeko kometa distiratsuenetako bat da, hain zuzen ere, Hale-Bopp. Bi astronomo estatubatuarrek aurkitu zuten, aldi berean: Alan Hale eta Thomas Bopp, eta C/1995 01 Hale-Bopp izena eman zion Nazioarteko Astronomia Batasunak. Kometa horrek ihes egin zien ordu arte ikertzaileen tresna ahaltsuei. Garai horretan egindako neurketen arabera, 7,15 unitate astronomikoetako distantziara zegoen. Bere distirari (10,5eko ikusmen magnitudean) eta osatzen duen egurats konplexuari esker, lente prismatiko soilekin ikus daiteke. Lehenengo ikerketen arabera, Oort kometa erreserbatik dator, Eguzkitik 10.000 ua-ra dagoen erreserbatik hain zuzen. Ikerketa horien beraren arabera, ez da barruko eguzki sistemara iristen den lehenengo aldia: bere orbita eliptikoa Eguzkitik 487 ua-ra dago eta duela 4.000 urte igaro zen lehenengoz periheliotik. 1996an Jupiter-etik hurbil igaro zenean, bere orbitaren parametroak aldatu egin ziren: hurrengo perihelioa 2.400 urtean izango dela aurreikusten da. ■ Hale-Bopp kometaren tamainari dagokionez, zenbait azterketaren arabera, 40 eta 80 km bitarteko diametroa du. Halley kometa baino hirurogei aldiz handiagoa dela eta gainaldea hogei aldiz handiagoa duela adierazi dute ikerketek. Nukleoa luzea du, eguzki sistemako tamaina horretako beste hainbat gorputzek bezala. Hale-Bopp aurkitu zenean, Eguzkitik 7 ua-ra zegoela hain zuzen, jadanik oso aktiboa zen. Kometa gehienak eguzkitik 3 ua-ra bihurtzen dira aktibo, distantzia horretan nukleoaren gainaldearen tenperatura -73ºC-koa da, ura sublimatzen hasten den tenperatura hain zuzen. Baina 7 ua-ra nukleoaren tenperatura apala ez da nahikoa uraren sublimazioa eragiteko. Beraz, Hale-Bopp kometak Eguzkitik hain urrun zegoela horrenbesteko aktibitatea edukitzearen arrazoia bilatzeko molekula lurrunkorragoen sublimaziora jo behar da. CN erradikala izan zen identifikatu zen lehenengo molekula mota, 1995ean. Erradikal horren sorgailu nagusia azido zianhidrikoa da (HCN); konposatu hori lehenengo aldiz Halley kometan aurkitu zen. Nahiz eta HCN ura baino lurrunkorragoa den, Hale-Bopp kometan neurtutako produkzio maila ez zen nahikoa 7 ua-ko distantziara eguratsera halako hauts kopuru handia botatzeko. Misterioa handik gutxira argitu zen, karbono monoxido ugari sortzen zuela aurkitu zenean: segundoko tona bat inguru, Halley kometan Eguzkitik ua batera zegoenean sortzen zuenaren antzeko kopurua alegia. Hale-Bopp kometa bere perihelioa baino urte eta erdi lehenago aurkitu izanari esker aztertu ahal izan zen kometaren aktibitatearen bilakaera Eguzkira hurbildu ahala eta distantzia desberdinetan. Kometen izotzaren sublimazio aldiak ere ikusi ahal izan ziren azterketa horien bitartez.