Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Halffter

Espainiar musikagile familia. v Cristóbal. Musikagile eta orkestra zuzendaria (Madril,1930). Ernesto eta Rodolforen iloba. Madrilen egin zituen ikasketak, hasieran Conrado del Camporekin eta geroago Alexandre Tansmann-ekin. Manuel de Falla orkestraren zuzendari izan da (1955-1963); ostera Madrilgo Kontserbatorioko konposizio katedraduna (1960) eta zuzendaria (1964-1966). Serialismoa eta musika aleatorioa landu zituen 1975az geroztik. Musikako Sari Nazionala eman zioten 1953an, Arte Ederretako Domina jaso zuen 1983an, eta San Fernandoko Akademiako kide izendatu zuten. Musikagile emankorra izan zen. Obra aipagarriak ditu, besteak beste: Antífona pascual (1952), Misa ducal (1956), Giza eskubideen fabore kantata (1968), Gaudium et Spes (1972), Espazioetarako denbora (1975, Chillida, Sempere, Lucio Muñoz eta Manuel Rivera artisten omenez); Elegía a la muerte de tres poetas españoles: Antonio Machado, Miguel Hernández y Federico García Lorca (1976); Oficio de difuntos (1979), Debla (1981). v Ernesto. Musikagile eta orkestra zuzendaria, Rodolforen anaia (Madril, 1905). Manuel de Fallaren ikasle izan zen, eta nabaria da beregan maisu haren eragina. 1961ean Fallaren Atlantida kantata bukatu zuen. Ernestoren obra aipagarrienak: Sinfonietta (1925), Dulcinea (1944), Fantasía galaica (1955), Canticum in honorem Papam Johannem XXIII (1964), Concierto para guitarra y orquesta (1969), Pastorales (1973), Preludio y danza (1978). v Rodolfo. Musikagilea eta musika irakaslea (Madril, 1900). Autodidakta gisa hasi bazen ere, gerora Fallaren ikasle izan zen. Errepublikazalea izaki, 1939an Mexikora erbesteratu behar izan zuen. Obra zenbait: El Escorial-eko bi sonata (1930); Don Lindo de Almería balleta (1936); Tripartita (1954); Pianorako 3. sonata (1967); Laberinto (1972); Sekuentzia (1977).