Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gurutzada

iz. Erdi Aroan kristauek Jesusen hilobia eta Leku Santuak mahomatarren mendetik askatzeko egindako gerra espedizioa. v Hist. Zortzi gurutzada izan ziren denera, eta 1095etik 1270era bitartean banatu ziren. XI. mendean Europan susperraldi bat izan zen merkataritzan eta erlijioan. Garai horretan erromes ugari joaten zen Jerusalema eta ekialdeko leku santuetara. Aldi berean Bizantzioko Inperioa, Konstantinopla hiriburu zuela, arriskuan jarria zuten turkiarrek. Bizantzioko enperadoreak bere lurraldeak babesteko laguntza eskatu zion Europari, Erromako Aita Santuari batez ere. Urbano II.a Aita Santuak deia egin zuen kristauen gudarostea osatzeko eta Hilobi Santua berreskuratzera joateko. Borroka luzearen ondoren 1098an Antiokia hartu zuten gurutzadako soldaduek, eta 1099 Jerusalem. Palestinako kostaldea hartu eta Jerusalemgo erreinua eratu zuten, Tripoli, Antiokia eta Edesarekin batera. Musulmanek 1144an Edesa hartu zuten, eta Eugenio III.a aita santuak bigarren gurutzadako deia egin zuen. Germaniako enperadoreak eta Frantziako erregeak Jerusalemen bildu zituzten soldaduak, baina musulmanak garaile izan ziren. Saladino musulmanak gurutzatuen estatuak inguratu zituen, eta 1187an Jerusalem hartu zuen. Gregorio VIII.a Aita Santuak hirugarren gurutzadarako deia egin zuen. Armadarik handiena osatu zuen Frederick Bizar-gorriak 1189an, baina handik urtebete beranduago Frederick enperadorea hil egin zen eta Saladinok aurrera egin zuen aginpidean. 1191n Rikardo I.a Lehoi Bihotzek Bizantzioko lurralde batzuk eskuratu zituen, baina Jerusalem Saladinoren esku geratu zen. Rikardo I.ak bost urteko bake hitzarmena izenpetu zuen Saladinorekin, eta harengandik Europako erromesei leku santuetara joaten uzteko baimena lortu zuen. Laugarren gurutzadarako deia Inozentzio III.ak egin zuen. 1204an gurutzadako soldaduek Konstantinopla hartu zuten veneziarren laguntzarekin, eta 60 urte egon zen hiria erromatarren esku. Hori gertatu zenean, Erromako eta Bizantzioko elizen artean harreman onak izateko itxaropenak eten egin ziren, Aita Santuak soldaduak gaitzetsi zituen arren. Bosgarren gurutzadako deia egin zuen berriro Inozentzio III.ak 1219an, eta bertan soldadu frantziarrek eta germaniarrek parte hartu zuten. Aita Santuek eratutako azken gurutzada izan zen hori. Seigarren gurutzadan Frederick II.a Germaniako enperadoreak 1229an Jerusalem europarrei itzulia izateko hitzarmena izenpetu zuen. 1244an turkiarrek Jerusalem hartu zuten egiptoarren laguntzarekin. Frantziako errege Luis IX.ak zazpigarren gurutzadarako deia egin zuen 1248an, baina hark ere huts egin zuen. Hogeita bi urte geroago Luis erregea bera izan zen azken gurutzadaren buru, baina Tunisian lehorreratu ondoren, soldadu asko, eta erregea bera ere, gaixotu eta hil egin ziren. XV. mendea arte lurralde horietan erasoak izan ziren arren, gurutzaden aroa orduan amaitu zen.