Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grisoiak

(Al. Graübunden, Erromantxez, Grishun) Suitzako kantoia. Mugak: Glarus eta Sankt-Gallengo kantoiak, Liechtenstein eta Austria iparraldean, Italia ekialdean, Tesino hegoaldean eta Uriko kantoia mendebalean. Suitzako kantoirik zabalena da (7.106 km2) eta biztanle gutxien duena: 164.8000 biztanle (1985). Hizkuntzak: alemana, italiera eta erromantxea. Erlijioz, biztanle gehienak protestanteak dira. Hiriburua: Cuera edo Chur. Grisoiek Inn eta Rhin ibaiaren goi-ibarrak hartzen dituzte, eta basoak eta larreak ugari dira. Nekazaritza eta turismoa dira lanbide nagusiak. Klima lehorra eta eguzkitsua du; beheko lurretan artoa, urra eta mahatsa jasotzen dira, goikoetan berriz abeltzaintza eta baso ustiapena dira nagusi. Industria gutxi du, eta hiriburuaren inguruan gehiena. Mendiko turismoak garrantzi handia du, negukoak batez ere; bertan dira mundu osoan ezagunak diren eski lekuak: Arosa, Celerina, Davos, Flims, Klosters, Lenzerheide, Pontresina, Saint-Moritz, Samedan, Sils-Maria, Silvaplana. v Historia. Hasieran zeltak bizi ziren Grisoietan (Retiako hegoldea). K.a. 15ean erromatarrek beretu zuten, eta V. mendean germaniarrek, eta ondoren Suabiako dukerrikoa izan zen. 452tik aurrera, Cuerako apezpikuak izan ziren agintari. 1170ean apezpikuekin habsburgotarrekin bat egin zuten bertakoen nahaien kontra. Gotteshausbund (“Jainkoaren etxeko liga”) eratu zuten hauek 1367an haiei aurre egiteko, eta 1395ean Rhin garaiko ibarrekoek Obere Bund edo Graue Bund (kantoiari izena eman ziona) sortu zuten, eta azkenik 1436an Zehngerichtenbund (“Hamar barrutietako liga”) kantoiko iparrean. Beren artean elkartu ziren hiru liga hauek eta Helveziako Konfederazioarekin hitzarmen bat egin (1497-1498) eta habsburgotarrak menderatu zituzten (Calven, 1499ko maiatza). 1512an Grisoietako hiru ligek Valtelina eta Chiavennako eta Bormioko eskualdeak erdietsi zituzten. Azken biak 1797a arte beren mende izan zituzten, Grisietako parte bat Alpeez bestaldeko errepublikaren lurralde bihurtu zen arte. Grisoiak kantoia Suitzako 18.a da, 1803ko Bitartekotza Akta sinatu zuenetik.