Gregorio Ia santua
(Gregorio Handia deitua). 64. Aita Santua (Erroma, 540 - Erroma, 604 inguruan). Elizako doktore. 30 urte zituela Erromako prefeta zen, baina ondasun guztiak banatu eta beneditarretan sartu zen. Pelagio II.ak Konstantinoplara nuntzio karguan bidali (579-585) eta ondoren bere idazkari egin zuen. Erromako herriak eta kleroak aita santu hautatu zuten. Sartaldeko indar nagusi bihurtu zuen aitasantutza, lonbardiarren kontrako defentsa antolatuz eta haiekin zuzenean hitz eginez (592). Elizako antolakuntza berritu zuen, Afrikan donatisten kontra, eta Espainian arrianoen kontra esku hartuz. Britainia Handira Canterburyko San Agustin bidali zuen. Liturgia erraztu zuen: Sacramentarium Gregorianum izan zen mezaliburu erromatarraren oinarria. “Jainkoaren zerbitzarien zerbitzari” deitura hartu zuen beretzat, ondorengo aita santuek ere erabili zutena. Moralia in Job, Regula Pastoris idatzi zituen. Haren izenean jartzen den kantu gregorianoa geroagokoa da.