Gramcko, Ida
Venezuelar idazlea (Puerto Cabello, 1924 - Caracas, 1994). Genero asko landu zituen –saiakera, eleberria, antzerkia…–, baina poesian iritsi zuen goren maila, bai kalitatez bai kopuruz. Hasierako lanen artean, aipagarriak dira obra hauek: Umbral (1941, Ataria), Cámara de cristal (1944, Beirazko kamera), Contra el desnudo corazón del cielo (1944, Zeruaren bihotz biluziaren aurka), La vara mágica (1948, Makila magikoa) eta Poemas: 1947-1952 (1952, Poemak: 1947-1952). Gero, aldi batez, eleberrigintza eta antzerkigintza saiatu zituen. Aipatzekoak dira, eleberrien artean, Juan Sin Miedo (1956, Joan Beldur Gabea) eta beste zenbait kontakizun labur; antzerki lanen artean, berriz, María Lionza (1955), La rubiera (1956, Bihurrikeria) eta La dama y el oso (1959, Dama eta hartza). Geroago, errealitatearen transzendentzia sakondu zuen, eta oso lan oparoa egin zuen 1960ko hamarraldian zehar eta 1970ekoaren hasieran, bertsokera sakon mistiko batez: Poemas de una psicótica (1964, Psikopata baten poemak), Sol y soledades (1966, Eguzkia eta bakardadeak), Este canto rodado (1967, Errekarri hau), Preciso y continuo (1967, Zehatza eta jarraitua), Salmos (1968, Salmoak), Los estetas, los mendigos, los héroes (1970, Estetak, eskaleak, heroiak), Sonetos del origen (1972, Jatorriaren sonetoak), Mitos simbólicos (1973, Mito sinbolikoak), Quehaceres. Conocimientos. Compañías (1973, Zereginak. Jakitateak. Konpainiak). Poesia horrez guztiaz gainera, saiakera lanak ere egin zituen, herri kulturaren inguruan gehienbat. 1977an, Literaturako Sari Nazionala eman zioten.