Graham, Katharine
Estatubatuar kazetaria eta hedabideen enpresaburua (New York, 1917 - Sun Valley, 2001). Estatu Batuetako berreraikuntza ekonomikoaren oinarri nagusietako bat izan zen Eugene Isaac Meyer aberatsaren alaba. Politika Zientzietako ikasketak egin zituen Chicagoko Unibertsitatean. 1940an, Philip Leslie Graham legelariarekin ezkondu zen. Urte batzuk geroago, Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Graham Washington Post egunkariaren zuzendari bihurtu zen. Handik aurrera senar-emazteak buru-belarri murgildu ziren egunkariko langintzan. 1963an, Graham hil zenean, Katharine Grahamek hartu zuen senarraren lekukoa. Washington Post Companyko zuzendari gisa, egunkariko ildoa aldatzen saiatu zen, eta bi eskakizun egin zituen: batetik, jarrera politiko zabalagoa hartzea, eta, bestetik, informazio iturriak berrikustea, edozein gai argitara atera baino lehen. 1960ko hamarraldiaren erdialdean, Benjamin Bradleek egunkariko zuzendaritza bere gain hartu zuenean lortu zen hori guztia. 1973an, Newsweek aldizkaria erosi zuen, eta baita Bowater Mersey Paper Company paper fabrika ere, taldeko egunkariak eta kazetak paperez hornitu ahal izateko. Mugimendu handiko urteak izan ziren haiek, eta besteak beste, egunkariak “Pentagonoko paperak” eta “Watergate” kasuen berri eman zuen. 1979an, Katharinek bere seme Donalden eskuetan utzi zuen egunkariaren zuzendaritza, ez ordea Washington Post Companyrena, ez behintzat 1991. urtea arte. 1998an, biografia onenaren Pulitzer saria irabazi zuen bere Historia Pertsonala liburuarengatik; urte hartako liburu salduenetako bat izan zen Estatu Batuetan.