grabitazio
iz. Fis. Bi gorputzen artean sortzen den erakartze indar unibertsala, duten masak eta elkarren arteko distantziak mugatua. Gorputz guztietan gertatzen da, isurkari, solido eta gasetan. Isaac Newton-ek aurkitu zuen, 1666. urtean, eta lege unibertsal honi formula matematikoa eman zion: gorputzek edo materia partikulek elkarrekiko duten erakarmen indarrak (F) proportzio zuzena du beren masen biderkaketarekiko (m1 . m2) eta alderantzizko proportzioa bi gorputzen arteko distantziaren (r) karratuarekiko; hau da: F = G (m1 . m2/r2), bertan G grabitazio unibertsalaren konstantea delarik. v Grabitazio unibertsalaren konstantea. G konstantea. Newton-ek ez zuen G-ren balioa ezagutzen, baina H. Cavendish-ek egin zuen 1798. urtean lehen neurketa zehatza; gaur egun zehatzago neurtu da (G= 6,673 dina cm2/g2). G konstante hau eta g grabitate azelerazioa ez dira gauza bera. v Grabitazio eremua. Grabitazio indarrak agertzen diren eremua. Gorputz oro, unibertsoan zehar hedatzen den grabitazio eremu baten baitan dago. v Einsteinek (1912) eta Birkhoff-ek (1944) grabitazio unibertsalaren kontzeptua zabaldu zuten, eta energia erradiatzaileentzat erabili.