grabitate
iz. Fis. Astuntasuna; gorputzak Lurraren erdigunerantz erakartzen dituen indarra.
■ Grabitate gabezia. Grabitaterik ez dagoen egoera. Espazio ontzi baten barruan, adibidez, libre ibiltzen da airean ezeri atxiki gabeko objektua. Hona horren zergatia: objektua eta espazio ontzia ibilbide balistiko berbera ari dira egiten, zeruko gorputzen erakarpen efektua dela medio. Biak ari dira espazioan pixkana jausten; inongo indarrek ez ditu elkarren aldera bultzatzen. Grabitaterik ezak izan ohi du eragin fisiologikorik astronautengan, eta grabitaterik gabeko lehenbiziko egunetan “espazio gaitza” deritzona pairatu ohi dute: goragalea, ondoeza, eta abar. Ibilaldi luzeak eginez gero, aste edo hilabete askokoak, Lurreko grabitatearen ohitura galdu egiten du astronautaren gorputzak: gutxitu egiten da hezur-masa, giharrak murrizten eta sistema kardiobaskularra aztoratzen. Zenbait fenomeno fisiko, kimiko edo biologiko aztertzeko baliagarri izaten da grabitate eza. Adibidez, kristal batzuen hazkundea, edo molekula biologiko batzuen bereizketa. Nolanahi ere, ez dago erabateko grabitate gabeziarik. Adituek nahiago dute “mikrograbitate” hitza erabili. Grabitate gabeko esperimentuak egiteko Lurreko grabitatearen ehun milarena, edo milioirena, izan behar du mikrograbitateak. v Grabitatea argizagiek eta gorputzek oro har elkar erakartzeko duten indar unibertsal bera da; indar honek ematen du gorputz baten pisua. v Grabitatearen azelerazioa. Grabitate indarrak eragiten duen azelerazioa. Lurrari dagokionez, 9.81 m/s-koa da itsas mailan, eta garaiera handitu ahala txikiagotzen da. Zientzietan g sinboloaz adierazten da. v Grabitate indarra. Lurrak gorputz bati ezartzen dion erakartze indarra. v Grabitate-zentroa. Gorputz batean eragina duten grabitate indar guztien emaitzaren aplikazio puntua. v Grabitate espezifikoa. Gai baten dentsitatea, uraren dentsitatearen arabera neurtua; zatiki gisa adierazten da, uraren dentsitatea oinarrizko banakotzat hartuta; kortxoaren grabitate espezifikoa 0,25 dela esaten denean, adibidez, kortxoak uraren pisuaren laurdena duela esan nahi da. v Grabitaterik eza edo zero grabitatea. Astr. Grabitatearen eraginik ez dagoen egoera.