Gorz, André
Frantses idazle eta filosofoa, jatorriz austriarra (Viena, 1923 - Vosnon, 2002). Naziek Austria berenganatu zutenean Suitzara joan zen ikastera (judua zuen aita), gerra amaitu zen arte. Bere lehen liburuan –Le traître (1955, Traidorea)– azaldu zituen bere bizitzako pasarte horiek. 1948an Frantziara jo zuen, eta kazetari lanetan jardun zuen (Paris-Presse, L’Express). Temps Modernes aldizkariaren zuzendaritzako kide izendatu zuten 1960an, eta Nouvel Observateuren sortzaileetakoa izan zen 1964an. Ezkerreko mugimendu eta alderdiei oso loturik ibili izan zen beti, eta bere obran lana, langileria, ingurumena, kapitalismoa eta sozialismoaren bilakaera aztertu zituen. Aipagarriak ditu honako liburuok: Ecologie et politique (1978, Ekologia eta politika), Adieux au proletariat. Au-delá du socialisme (1981, Agur proletargoari. Sozialismotik haratago), Les chemins du paradise (1983, Paradisuko bideak), Capitalisme, socialisme, écologie (1988, Kapitalismoa, sozialismoa, ekologia), Miséres du présent, richesse du possible (1997, Oraingo miseriak, noizbaiteko aberastasuna). Gorzen iritziz, lanaren bilakaerak ezinezko egin du Marxen iragarpenak gauzatzea, eta zalantzan jartzen du marxismoak langileriari egotzitako eginkizun historiko mesianikoa.