Gorza
Nafarroako ipar-ekialdeko udalerria (Zangozako merindadea). Güesa du izen ofiziala. Mugak: ipar eta ekialdean Sartze eta Bidankoze, eta mendebal eta hegoaldean Galoze. Garaiera, 657 m. 27,31 km2. 1999ko datuen arabera, 78 biztanle ditu (gorztarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Gorza (herriburua) eta Igari. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Nekazaritza da bertako ekonomia jarduera nagusia (patata, garia, garagarra, artoa). Ardi azienda ere garrantzitsua da. Aipagarriak dira San Esteban parrokia, Arburuako ermita eta Erripaldako eliza gotikoa. v Historia. 1034. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Gorzako herria. Erdi Aroan bazen bertan monasterio beneditar bat. Zaraitzuko ibarreko herria izan zen (ibarreko alkate bakarra zuten Zaraitzuko herri guztiek eta bere zinegotziak hautatzen zituen herri bakoitzak) 1847. urtean udalerri bihurtu arte.