Gorostidi Artola, Jokin
Gipuzkoar politikari abertzalea (Tolosa, 1944 – Donostia, 2006). ). ETA erakundeko kide zen, eta bi heriotza zigor jaso zituen Burgosko Auzian Meliton Manzanas-en hilketan parte hartu zuelako salaketapean (1970). Zigor hura balio gabe utzi eta 30 urteko kartzela zigorra eman zioten. 1977. urtea arte egon zen espetxean. 1978an Herri Batasuna koalizio politikoan hasi zen lanean, independente gisa, eta ordudanik kargu ugari bete zituen bere taldean eta euskal erakundeetan. 1996ko hauteskunde kanpainan ETAren bideo bat zabaltzeagatik kartzelatua izan zen 1997an, gainerako 21 mahaikideekin batera. 1999ko uztailean, Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Gorenaren epaia bertan behera utzi ondoren, aske irten ziren Jokin Gorostidi eta HBko mahaikideak. 2000. urteko abuztuan, Baltasar Garzón epaileak ETAren kanpo-harremanetarako egituraren kide izatea leporatu zion, eta, bere burua Entzutegi Nazionalean aurkeztu eta epailearen aurrean agertu ondoren aske gelditu zen bost milioiko bermea ordainduta.