Gorostiza, Carlos
Argentinar antzerkigilea (Buenos Aires, 1920). XX. mendearen erdialdeko Argentinako antzerki joera berriaren sortzailea. Argentinako antzerki independentea deitu dena sortu zuen, eta bere garaiko antzerkigileen aitzindari izan zen, antzerkigintzaren giltzarri, Hego Ameriketako antzerkigintza aztertu dutenentzat. Poesia, antzerki lanak eta txotxongiloa egiten hasi zen berak sortutako konpainiarekin (“Los títeres de la estrella grande”). Konpainia horrentzat idatzi zituen, besteak beste, La clave encantada (1943) eta Nuevos títeres (1949). Azkeneko urte horretan, arrakasta handia izan zuen antzerki independentearen munduan, El puente (Zubia) obrarekin. Handik aurrera, Hispanoamerikako antzerkigile ospetsuenetako bat izan zen. Gorostizaren antzerki lanak, errealismoaren konbentzioetatik irten gabe, Buenos Airesko kaleko hizkerarekin, jendea, ohiturak eta gizarte harremanetan sortzen diren arazo moralak aztertzen ditu, existentzialismotik gertu dagoen ikuspegi bati jarraituz. Lan aipagarriak ditu, besteak beste: Marta Ferrari (1954), El juicio (1954, Epaiketa), El reloj de Baltasar (1955, Baltasarren erlojua), El pan de la locura (1958, Eromenaren ogia), Los prójimos (1967, Hurkoak), El lugar (1970, Lekua) eta Aeroplanos (1989, Aireplanoak).