Gorosabel, Pablo
Gipuzkoar historialaria (Tolosa, 1803 - Donostia, 1868). Ikasketak Oñatin eta Madrilen egin zituen. Lege araudiei eta zuzenbideari buruzko hainbat liburu egin zituen. Gipuzkoan kargu garrantzitsuak izan zituen: Tolosako alkate, Gipuzkoako korrejidore, diputatu, eta artxibozain nagusia. Azken kargu horrek laguntza handia eman zion Gipuzkoari buruz idatzi zituen liburu ugarien antolaketan. Harenak dira besteak beste: Bosquejo de las antigüedades, gobierno, administración y otras cosas notables de la villa de Tolosa (1853), Diccionario histórico-geográfico-descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa (1862), Memoria sobre las guerras y tratados de Guipúzcoa con Inglaterra en los siglos XIV y XV (1865) eta Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa (1899), hil ondoren argitaratua. Gorosabelek egia historikoaren alde egiten du bere lanetan, eta alde batera uzten ditu elezaharrak eta sineste okerrak. Datu bilketa ikaragarria dago bere liburuetan, baina ez dute historia ikuspegi orokorrik eskaintzen. Alde batetik, Jeremy Benthamen utilitarismo moralak eta Ilustrazioak eraginda, eta bestetik, Espainiako zuzenbide konstituzional bateratuaren babesle erabatekoa izaki, konstituzio harekiko foruak egokitzearen alde idatzi zuen, baina ez, ordea, foruak kentzearen alde.