Goria, Giovanni
Italiar politikari eta ekonomialaria (Asti, Piamonte, 1943). Ekonomia zientzietako ikasketak egin zituen Milanen eta Erroman. 1975ean, Demokrazia Kristaua alderdiko kide egin zen, eta alderdiko idazkari izendatu zuten Astin. 1977tik aurrera, Gulio Andreottiren alderdiari lotu, eta ekonomia arazoetan haren laguntzaile izendatu zuten. Gero, Ogasun ministro izendatu zuten. Enpresa estatal batzuk pribatizatu zituen, eta joera monetarista geldiarazi zuen; sektore estatala eta pribatua orekan iraunarazteko estrategia horrekin lortutako hazkunde ekonomikoari esker, Europako mendebaldeko bost herrialde nagusien artean kokatu zen Italia. Inflazioa, bestalde, % 20tik % 4ra murriztu zen hura ministro egon zen bitartean. 1987ko hauteskunde orokorren ondoren Lehen Ministro izendatu zuten, bost alderdiz osatutako koalizio bateko buru. 1988an, Ciriaco Mitak ordezkatu zuen.