Goodall, Jane
Britainiar zoologoa (Londres, 1934). Bournemouthen egin zituen ikasketak eta 1965. urtean doktoregoa eskuratu zuen Cambridgen. Louis S. B. Leakey britainiar antropologoarentzat lan egin zuen Afrikan, eta haren gomendioz erabaki zuen Goodallek Gombeko txinpantze erreserban kokatzea, Tanganika aintziraren alboan, 1960. urtean. Hamar urte igaro zituen txinpantzeen bizitza ikertzen eta etologiaren alorreko garrantzi handiko aurkikuntzak egin zituen. Jane Goodalli esker jakin zen, esaterako, txinpantzeak orojaleak direla eta ez landare jaleak, termitak beren habietatik ateratzeko makilak erabiltzeko gaitasuna dutela, landareak erabiltzen dituztela sendagai gisa, eta hari esker ezagutu zen, orobat, jokabide sozial aurreratua dutela eta zenbait ezaguera eta sentimendu adierazteko ahalmena badutela. Animalien gatibutasunaren kontrako borrokalari sutsua da, eta Afrikako zenbait gobernurekin elkarlanean jardun du babesleku naturalak prestatzen eta nekazariei txinpantzeen habitata hondatu gabe bizibidea ateratzeko aukera emango dieten hainbat programa antolatzen. Gizakiaren itzalean (1971) liburu ospetsua idatzi zuen Gombeko txinpantzeekin izandako esperientzian oinarriturik; handik gutxira eman zuen argitara hiena orbandunei buruzko Hiltzaile hobengabeak (1971) liburua. 1986. urtean Gombeko txinpantzeak: jokabide ereduak eman zuen argitara, Afrikan egindako lanaren laburpena. Goodallen liburu eta dokumentaletako argazki gehienak bere senar ohi H. van Lawick argazkilariak egin ditu.