Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Goņi, Teodosio

VIII. mendean bizi izan zen Nafarroako aitonen semea, Goņiko ibarrean sortua. Elezaharraren arabera, berak sortu zuen Aralarko San Migel Santutegia. Honela dio, laburrean, XVIII. mendean Teodosio Goņiren inguruan itxuratu zen elezaharrak: bazetorren gudu batetik etxera Teodosio Goņikoa gerra-gizon beldurgarria eta, hurbil zegoela, erromes bat atera zitzaion bidera. Adierazi zion Goņiri, haren emaztea, Konstanza Butroikoa, zerbitzari batekin ohean zela. Sutan Teodosio, etxeko gelan sartu eta sastakaiaz josi zituen ohean lo zeutzan bi gorputzak. Leku hartatik ihes zihoala harri eta zur gelditu zen Teodosio bere emaztea eliza aldetik zetorrela ikusita. Emaztearen esanak entzun orduko, bere gurasoak hil zituela konprenitu zuen aitonen semeak eta, Iruņeko apezpikuari aitortu zion hilketa izugarri hura. Erromara bidali zuen erromes elizgizonak eta Joan VII.a Aita Santuak burdinazko katea astunak lepotik zintzilik eraman zitzala agindu zion, Jainkoa hartaz gupidatu eta kateak giza laguntzarik gabe hautsi arte. Hura gertatutako leku berean Mikel goiaingeruari opa beharko zion santutegi bat. Aralar aldeko oihan eta mendietan ibili zen Teodosio Goņi hura gertatu zen arte, eta emaniko hitza bete eta San Migelen omeneko santutegi bat eraiki zuen bertan. Beste elezahar baten arabera, herensuge baten aurka borrokatu zen Teodosio eta, San Migelen laguntza eskatu ondoren, menderatu egin zuen, lepoko kateak urratu ere egin zitzaizkiola. 1027. urtekoa da Aralarko San Migel Santutegiari buruzko lehen dokumentu ezaguna eta ez da aurreko mendeetako ezein elizaren aztarrenik aurkitu bertan.