golf
iz. Sin. kali(-)joko. Pilota txiki bat makilaz jo eta zelai batean dauden zuloetan sartzean datzan kirola. v Golf zelaiak 18 zulo izan ohi ditu, eta 100-500 m bitarteko tartea izaten da zulo batetik bestera; zuloak belar motzeko inguru batean daude (green), 10 cm-ko diametroa dute, eta bandera batek adierazten du haien kokalekua. Green-en arteko zelai zatian era askotako oztopoak izaten dira, naturalak zein artifizialak (errekak, aintzirak, hondarguneak, etab.). Pilotak 41 mm-ko diametroa eta 46 gramoko pisua du. Pilota jotzeko erabiltzen diren makilen burua egurrezkoa edo burdinazkoa izaten da; egurrezkoa pilota urrutira jaurtikitzeko erabiltzen da eta burdinazkoa hurbilerako. Ibilbideko zulo guztietan pilota kolpe edo jokaldi gutxienez sartzen duenak irabazten du.